Mundua -

Ukraina

60 aditu baino gehiago MH17 hegazkinaren istripu tokira heldu dira

Herbehereetako eta Australiako aditu talde bat Europako Segurtasun eta Lankidetza Antolakundeko behatzaileen babesean ari dira lanean.

Ukrainan eroritako Malaysia Airlines konpainiako hegazkina. Artxiboko irudia: EiTB
Ukrainan eroritako Malaysia Airlines konpainiako hegazkina. Artxiboko irudia: EiTB
Ukrainan eroritako Malaysia Airlines konpainiako hegazkina. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

60 lagunetik gorako Herbehereetako eta Australiako aditu talde bat hegazkin malaisiarra erori zen Ukrainako tokira heldu da gaur, eta beren lana egiteko Europako Segurtasuna eta Lankidetza Antolakundeko behatzaileen babesa izango dute. Uztailaren 17an Ukrainan eroritako Malaysia Airlines konpainiako hegazkinean 298 bidaiari zihoazen eta guztiak hil ziren ezbeharrean.

"Herbeheretar eta australiar aditu taldea MH17 hegazkina erori zen tokira heldu da: 60 aditu baino gehiago eta Europako Segurtasun eta Lankidetza Antolakundeko behatzaileak", adierazi du Europako Segurtasun eta Lankidetza Antolakundeak Twitterreko bere kontuan.

Adituek istripuaren tokira sartzeko aukera duten bigarren aldia da gaurkoa, izan ere, atzo ibilbide seguru bat irekitzea lortu eta bertaratzea erdietsi zuten. Hegazkinaren hondakinak Grabovo herriko zelai batean barreiatuta daude, Donetsk eskualdean.

Errusiazaleen kontrolpean dago MH17 hegazkinaren hondakinak sakabanatuta dauden lurraldearen zati bat. Errusiazaleek gaur azaldu dutenez, hegazkinaren hondakinen azpian hainbat gorpu egon daitezke: "Fuselajearen zati handi bat Petropavlovka herrian dago, eta adituak bertaratu arte ez dugu tokiz mugituko. Azpian gorpuak egon daitezke", adierazi dio errusiazaleen ordezkari batek RIA Novosti albiste agentzia errusiarrari.

Ukrainako erreskate zerbitzuek eta errusiazaleek 282 gorpu eta gorpuzkin erreskatatu dituzte, eta 16 gorpuk desagertuta jarraitzen dute oraindik.

Azken egunetan Ukrainako Armadaren eta errusiazaleen arteko borroka gogorrak izaten ari dira Ukraina ekialdean. Hala, Ukrainako ArmadakMH17 hegazkinaren muturra dagoen tokiaren kontrola hartzea lortu du. Ukrainak hegazkina erori zen tokitik gertu dauden Shajtiorsk, Torez eta Snezhnoe herriak bereganatzeko operazioa hasi du inguruaren kontrola berreskuratzeko eta ezbeharraren ikerketa egitera datozen nazioarteko adituen segurtasuna bermatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da munduan gaur? Ukraina Errusia argazkiak Herbehereak argazkiak Hegazkin istripuak albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Australia azken albisteak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa