Mundua -
Ikerketa
AEBko talde bat Ukrainara heldu da MH17 hegaldiaren istripua ikertzeko
Gertakarian ia 300 lagun hil ziren. Taldeko kideek, Pentagonoak azaldu duenez, "berreskurapen lanetan duten esperientzia partekatuko dute".
Erredakzioa
Estatu Batuetako Defentsa Ministerioak astearte honetan jakinarazi duenez, bertako talde bat Ukrainara heldu da, MH17 hegaldiaren istripua ikertzeko lanetan ikustatzeko eta laguntza emateko. Azken herrialde horretako ekialdean jazotako gertakarian ia 300 lagun hil ziren.
"Estatuko Departamentuak eskatuta, hamabi lagunek osatuko duen taldeak aholkuak eta gomendioak egingo dizkio Kieven dugun enbaxadari eta bertako langileriari, hegazkina berreskuratzeko lanetan parte hartzen ari diren Herbehereak, Australia edo Malaysia bezalako herrialdeentzako balizko babesaren inguruan", esan dute Pentagonoko iturriek.
John Kirby bozeramaileak nabarmendu duenez, taldeko kideek "berreskurapen lanetan duten esperientzia partekatuko dute". Kieven egongo dira, ez dute istripuaren lekua bisitatuko.
Errusiazaleek eraso zioten hegaldiari, AEBren ustez
Barack Obamaren gobernuak esan du uste duela errusiazaleek eraso ziotela hegaldiari, matxinoek kontrolatzen duten lurralde batetik botatako SA-11 misil batekin. Inteligentziak emandako zehaztu gabeko datuak eta Ukrainako Gobernuarengandik eta separatistengandik gertu dauden iturriak aipatu dituzte uste hori azaltzeko. Separatistek, dena den, Kiev dela erruduna esan dute, eta nabarmendu dute eurek ez dutela inolako erantzunkizunik ezbeharrean.
Bestalde, Kirbyk esan du "10.000 militar errusiar baino gehiago" daudela mugan, nahiz eta zenbakiak, bere ustez, ez diren garrantzitsuena, baizik eta Errusiak unitate horiek sendotzen jarraitzen duela.
"Unitate horiek ez dira asko, baina indartsuak dira eta oso hurbil daude; Ukrainako ekialdean dauden tentsioak areagotzen dituzte, hori besterik ez dute egiten", azpimarratu du Kirbyk.
NATOren idazkari nagusiak Ukraina bisitatuko du ostegunean
Anders Fogh Rasmussen NATOren idazkari nagusiak Ukraina bisitatuko du ostegunean, Petro Poroshenko presidenteak gonbidatuta, kantzilertza ukrainarrak jakinarazi duenez.
"NATO-Ukraina batzordearen prestaketa-ekintzak ditugu eguneko agendan" esan du Vasil Zvarich Ukrainako Atzerri Gaietako Ministerioaren bozeramaileak.