Mundua -
Argentina
Estela de Carlottoren biloba: 'Guzti hau magikoa iruditzen zait'
Gertatzen ari den guztiak iloba desagertuen bilaketa "areagotzeko" balio izatea espero du Guido Montoya Carlottok, Estela de Carlotto Mayo Plazako Amonen fundatzailearen bilobak.
Erredakzioa
"Pasatzen ari den guztia magikoa eta zoragarria da", adierazi du gaur Guido Montoya Carlottok, Estela de Carlotto Mayo Plazako Amonen fundatzailearen bilobak. Bere aurreneko agerraldi publikoa egin du bilobak. Estela de Carlottok 36 urte eman ditu biloba bilatzen.
"Ignacio naiz, edo Guido", bere burua aurkeztu du. "Hunkituta" dagoela erantsi du Mayo Plazako Amonen fundatzailearen bilobak.
"Jainkoari eta bizitzari opari hau eskertzen diot", azaldu du Mayo Plazako Amonen presidenteak, bere biloba aurkeztu baino lehen.
Estela de Carlottoren 36 urteko biloba musikariak azaldu duenez, "buruan zaratak batzuk dituzu eta ez dakizkigun gauzak dira, baina azkenen badakizkizu".
Ignacio izena erabiltzen jarraituko duela iragarri du Guido Montoya Carlottok. Nortasuna zalantzan duten guztiei probak egiteko eskatu die. Gertatzen ari den guztiak iloba desagertuen bilaketa "areagotzeko" balio izatea espero du Guidok.
Estela de Carlotto bilobarekin. Argazkia: EFE
Duela bi hilabete semetzakoa zela jakin zuen, azaldu du Estela de Carlottoren bilobak. DNA azterketak duela 18 egun egin zituen. Ondoren, benetako nortasuna ezagutzeko prozesua "azkarra" izan dela onartu du.
"Gurasoak ezin aurkitzeak beldurra ematen du. Nortasuna bilatzeko bideari ekiten zaionean ez topatzeak beldurra ematen du", goraipatu du.
Aurreneko irudia
Bestalde, Estela de Carlotto amona biologikoarekin batera agertzen den argazki bat igorri du Mayo Plazako Amonen presidentearen bilobak Twitter sare sozialean. "Eskerrik asko", esan du mezuan, amonarekin berriz elkartu eta bi egun geroago.
Guido Montoya datorren asterako deklaratzera deitu zuen Argentinako Justiziak, baina zitazioa bertan behera geratu da, iturri judizialek jakitera eman dutenez.
"Borrokak merezi du"
Cristina Fernandez Argentinako presidentea Mayo Plazako Amonen presidentearen bilobarekin ostegun gauean bildu zen.
Albisteak "zirrara handia" eragin ziola errepikatu zuen Argentinako presidenteak ostegunean. Fernandezen ahotan, "borrokak merezi du". "36 urteko borrokaren bihotzondokoa sentitu zuten argentinar guztiek", goraipatu zuen. "Guido argentinar guztiena da", erantsi zuen.