Mundua -
Lan istripua Hegoafrikan
8 langile hil dira Johannesburgon, eraikin bat behera erorita
Istripua goizeko 10:30ean (9:30ean, GMT orduan) gertatu da Meyersdal Eco Estate zona erresidentzialean, Johannesburgo hegoaldean, eraberritzen ari ziren bi pisuko eraikin bat behera erori denean.
Erredakzioa
Zortzi langile hil dira Johannesburgon (Hegoafrika) eraberritzen ari ziren eraikin bat behera erori ostean. Bertako komunikabideek jakitera eman dutenez, larrialdi zerbitzuak zauritu gehiagoren bila dabiltza.
Istripua goizeko 10:30ean (9:30ean, GMT orduan) gertatu da Meyersdal Eco Estate zona erresidentzialean, Johannesburgo hegoaldean, eraberritzen ari ziren bi pisuko eraikin bat behera erori denean.
Harrapatuta gelditu diren langileak bilatzeko makineria pisutsua eraman dute larrialdi zerbitzuek ezbeharra gertatu den tokira, eta oraingoz zortzi pertsona erreskatatu dituzte.
"Zortzi zaurituetatik bi egoera oso larrian daude, beste bost larri zauritu dira eta batek ditu zauri arinak", esan du William Ntladi larrialdi zerbitzuetako bozeramaileak.
Nahiz eta ezbeharra gertatu denean eraikin barruan zenbait lagun zeuden zehatz mehatz ez jakin, iturri batzuen arabera 25en bat lagun zeuden behera eroritako eraikinaren baitan.
"Iñor bizirik dagoela jakiteko modurik ez dugu", esan du Ntladik atsekabeturik. Larrialdi zerbitzuek bertan jarraitzen dute langile gehiagoren bila.