Mundua -
Hondoratzea
Indonesian desagertutako bi espainiarrak bilatzeari berrekin diote
25 pertsona zeramatzan itsasontzia larunbatean hondoratu zen Lombok eta Komodo uharteen artean; jada 18 turista eta tripulazioko 5 kideak erreskatatu dituzte.
Erredakzioa
Erreskate taldeek larunbatean Indonesian desagertutako bi turista espainiarren bila jarraitu dute gaur. 20 turista atzerritar eta 5 indonesiar zeramatzan itsasontzi bat hondoratu zen asteburuan, eta horietatik 23 pertsona erreskatatu dituzte jada.
Sutopo Purwo Nugroho Indonesiako Hondamendiak Arintzeko Agentzia Nazionaleko bozeramaileak azaldu du Sangeang uhartearen inguruan ari direla desagertuen bila, bertan hondoratu baitzen ontzia.
"Gaur goizetik, ehun pertsona baino gehiago ari dira zonaldean lanean, eta helikopteroak eta ontziak erabiltzen ari dira", adierazi du Sutopok, eta, beharrezkoa balitz, larunbatera arte bertan jarraituko dutela esan du.
Turisten ontzia Lombok uhartetik Komodora abiatu zen abuztuaren 14an, lau eguneko bidaia egiteko asmoz, baina larunbat gauean, itsaso zakarraren ondorioz koralezko atoloi baten aurka talka egin ostean, hondoratzen hasi zen.
Erreskate taldeek 10 pertsona aurkitu zituzten igande goizean (bi alemaniar, bi espainiar, bi ahizpa ingeles, bi zeelandaberritar, herbeheetar bat eta frantziar bat), eta Bima herrira eraman zituzten, mediku azterketak pasatu eta bertan ostatu hartzeko.
Igande gauean, arrantzale batzuek 13 pertsona erreskatatu zituzten Sape herriko kostaldean, eta tokiko ospitalera eraman zituzten.
Talde horretan zeuden hiru holandar, hiru italiar, bi alemaniar eta bost indonesiar. Azken horiek ontziko kapitaina, bi gida eta bi tripulazioko kide dira.
Ehunka pertsona hiltzen dira urtero Indonesian, eguraldi txarrak, azpiegitura eskasak eta segurtasun neurririk ezak (jende eta pisu gehiegi garraiatzea, kasu) eragindako hondoratzeetan.