Mundua -

Gatazka Ukrainan

Gutxienez 34 zibil hil dira Donetsken azken 24 orduetan

Martxoaren 13tik, 951 pertsona hil eta 1.748 zauritu dira Ukraina ekialdeko eskualde horretan izandako borroketan. Ukraina ekialdea berreraikitzeak milaka milioiko kostua izango du.

soldadu errusiarrak Errusian muga ondoan
soldadu errusiarrak Errusian muga ondoan
soldadu errusiarrak Errusian muga ondoan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 34 zibil hil dira azken 24 orduetan Ukraina ekialdeko Donetsk eskualdean izandako erasoetan, Kievi estu lotuta dagoen eskualdeko Osasun Departamentuak jakinarazi duenez. Adierazpen ofizialaren arabera, beste 29 pertsona zauritu dira.

"Martxoaren 13an Donetsken hasitako gatazkan egindako zenbaketen arabera, 951 pertsona hil eta beste 1.748 zauritu dira ordutik", jaso dute oharrean.

Donetsken, Gobernuaren indarren eta milizia errusiazaleen arteko borroka nagusiak Ilovaisk herrian eta Donetsk hiriaren inguruetan gertatzen ari dira, errusiazaleen gunerik indartsuenetan.

Ukrainako Barne Ministerioaren arabera, miliziek tropei oztopoak jarri dizkiete aurrera egin ez dezaten, baina azken asteetan zenbait herritatik bidaltzea lortu dute.

Ilovaisk herriaren inguruetan, Armadako bederatzi kide hil dira azken erasoaldietan, Anton Guerastxenko Barne ministroak aitortu duenez.

Guerastxenkok azaldu du trenbideak zatitzen duen Ilovaisk herriaren erdia Donbas batailoiaren menpe dagoela, eta beste erdia, errusiazaleen esku.

Ukraina ekialdea berreraikitzeak milaka milioiko kostua izango du

Donetsken eta Lugansken gatazkaren ondorioz suntsitutako azpiegitura publikoak eta etxebizitzak berreraikitzeak milaka milioiko kostua izango du, Arseni Yatseniuk Ukrainako lehen ministroak adierazi duenez.

"Berreraikuntzak ez du milaka milioi grivnako kostua izango, milaka milioi dolaretakoa baizik", esan du Yatseniukek Kieven, Gobernu bileran.

"Errusiatik zuzendutako terroristen tiroek Ukrainako azpiegitura ahulenen aurka egiten dute: meatzeak, zentral eta sare elektrikoak, trenbideak, zubiak eta komunikazioak. Uneoro kalte handiak eragiten dizkiote Ukrainari", salatu du.

Ukrainako Gobernuburuak onartu du herrialdeak "indar ekonomikoa" galtzen duela egunero errusiazaleen aurkako gatazka armatua dela eta, eta egoera ekonomikoa matxinoen eskualdeek izango duten garapenarekin estu lotuta dagoela azpimarratu du.

Ukrainako bandera jarri dute Moskuko eraikin altuenetako batean

Lau pertsona bandalismoagatik atxilotu dituzte Errusian, Moskuko eraikin altuenetako batera igo eta Ukrainako bandera jartzeagatik. Hiru urteko kartzela zigorra jaso dezakete.

Atxiloketaren ostean, Moscova ibaiaren ondoan dagoen eraikineko langileek bandera eta aktibistek erabilitako pintura kendu dituzte.

Independentzia Eguna baino lehen Moskuko eraikin handienetako bat Ukrainako koloreekin estali izanaz harro agertu da Petro Poroshenko presidente ukrainarra, eta, irribarretsu, lau aktibistak zoriondu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Ukraina gaur Errusia Eguneko albisteak Eguneko albisteak Errusia-Ukraina gerra gaur