Mundua -
Castroren urtemuga
Fidel Castro Maduroren alboan berragertu da
'Benetako adiskidetasuna' titulupean, Castrok hausnarketa berri bat kaleratu du Maduroko eginiko bisitaren harira. Gaineratu du "kaosa nabarmena egin dela nazioarteko politikan".
Erredakzioa
Fidel Castro Kubako presidente ohia berragertu da Nicolas Maduro Venezuelako mandatariak eginiko bisitaren ostean. Joan den abuztuaren 13an 88 urte bete zituen kubatarrak, eta Venezuelako presidenteak bisita egin zion haren urtemugarengatik.
'Benetako adiskidetasuna' titulupean, Castrok hausnarketa berri bat kaleratu du. Horrez gain, Madurok eta Castrok joan den abuztuaren 19an Habanan izandako batzarraren argazki batzuk ikus daitezke. Izan ere, Castrok argitu du Madurok zin egin ziola bere urtemugan bisitatuko zuela.
"Nork gobernatzen du nor?"
Castroren arabera, "lehen gauza oso ankerrak gertatzen ziren" munduan, "baina ez dute zerikusirik gaur egun edozein etxetako telebistetatik ikus daitezkeen eszena ikaragarriekin".
Zentzu horretan, gaineratu du "politikariak aztoratu egin direla eta kaosa nabarmena egin dela nazioarteko politikan". Castrok Maduro zoriondu du "Gazako herri heroikoarekin erakutsitako elkartasunagatik". "1,8 milioi pertsona setiatuta bizi dira desertuaren, itsasoaren eta Israelgo boterearen menpe", gogorarazi du. Presidente ohiak AEBen eta Israelen arteko loturak gogorarazi ditu: "Nork gabernatzen du nor: AEBk Israel ala Israelek AEB?".