Mundua -

Missouri

Lasaitasuna Fergusonen, AEBetako fiskal nagusiaren bisitaren ondoren

Joan diren egunetan baino pertsona gutxiago kontzentratu ziren atzo eta lehenago bueltatu ziren etxera. Hala, gau lasaia bizi izan dute, istilurik gabe, baina sei atxilotuekin.

Eric Holder AEBetako fiskal nagusia. Argazkia: EFE.
Eric Holder AEBetako fiskal nagusia. Argazkia: EFE.
Eric Holder AEBetako fiskal nagusia. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egoera baretu da Fergusonen (Missouri) AEBetako fiskal nagusia tokira bertaratu eta herritarrekin bildu ostean.

Aurreko egunetako istiluen erdigunea izan den West Florissant etorbidean pertsona gutxi bildu ziren bart eta lehenago bueltatu ziren etxera. Hala, gau lasaia bizi izan dute, istilurik gabekoa, baina sei atxilotuekin, jakinarazi du Ron Johnson Missouriko Errepideetako Patruilako kapitainak.

Fergusoneko giroa baretu nahian, Barack Obama AEBetako presidenteak Eric Holder Justiziako lehenengo idazkari afroamerikarra bidali zuen atzo, agintari federalek eskua hartu dutela irudikatzeko eta poliziarenganako mesfidantzaren inguruko ikerketa sakona bermatzeko.

Fiskal nagusiaren bisita Fergusonera

Eric Holder AEBetako fiskal nagusiak Ferguson bisitatu zuen atzo polizia batek 18 urteko Michael Brown gazte afroamerikarra sei tiroz hil ostean sortutako tentsioak baretzeko.

Holder Saint Louiseko iparraldeko behe-auzo honetara bertaratu da herriko hainbat buruzagirekin, FBIko agenterekin eta Justizia Departamentuko langileekin biltzeko. Gainera, CNNk aurreratu duenez, Michael Brown gaztearen gurasoekin ere hitz egin nahi du.

FBIko agenteekin bildu baino lehen, Holderrek aurreratu du Estatuko Departamentuak fiskalen eta agenteen talde bat bideratu duela ikerketa federal bat abiatzeko, eta gaineratu duenez, espero du bere bisita "eremua lasaitzeko baliagarria izatea".

"Giza eskubideen eta lege federalen urrapen posibleak bilatzen ari gara", jakinarazi du fiskal nagusiak, eta agindu du ikerketa "sakona eta justua" egingo duela zer gertatu den zehazteko.

Holder Florissant Valleyko St. Louis unibertsitateko ikasleekin bildu da, herriko hainbat bururekin bildu baino lehen.

Ondoren, Justizia Departamentuaren Komunitatearekin Harremanak Zerbitzuak (CRS) antolatutako bilera itxira joan da. Horretan, Fergusoneko 50 bat kidek parte hartu dute.

Holderrek 15 minutuz eztabaidatu du taldearekin, eta euren galderei erantzun die. Esan duenez, eztabaida bat zabaldu behar da, baina "ekintza zehatzak behar ditugu", gertatutakoa "su txikian irakiten" duen aurrekariak dituelako Fergusonen eta AEBetako beste hainbat tokitan.

"Aldaketa posiblea da"

"AEBetako fiskal nagusia naiz, baina gizon beltza ere", esan du Holderrek, eta gaztetan poliziak ere bera umiliatu zuela gogoratu du.

Holderrek ziurtatu du "aldaketa posiblea dela", izan ere, "New Jerseyko autopistetan gelditzen zuten mutila orain AEBetako fiskal nagusia da". Baina gogoratu du guzti hori ez dela egun batetik bestera gertatzen. Hori dela eta, "hasi gaitezen hemen, hasi gaitezen gaur lanean", gaineratu du.

Bitartean, Saint Louis konderriko polizia bulegoak ikerketan jasotako datuak aurkeztuko dizkio epaimahai bati; eta honek, Darren Wilson gaztea tiroz hil zuen poliziaren kontrako kasua dagoen edo ez erabakiko du. Wilson Poliziatik kanporatu dute aldi baterako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea