Mundua -
Hondoratzearen ostean
Indonesian desagertutako bi espainiarren bilaketa-lanak, bertan behera
Halere, Jose Manuel Garcia-Margallo Kanpo Arazoetarako eta Kooperazio ministroak bilaketa gehiago luzatzeko eskatu dio Indonesiako Gobernuari
Erredakzioa
Indonesiako agintariek amaitutzat eman dute duela astebete hondoratutako itsas bidai turistikoaren ondorioz desagertutako bi espainiarren bilaketa. Senideek bizirik aurkitzeko esperantzarekin jarraitzen dute.
Halere, Jose Manuel Garcia-Margallo Kanpo Arazoetarako eta Kooperazio ministroak bilaketa ofiziala gehiago luzatzeko eskatu dio Indonesiako Gobernuari, atzo -larunbata- agortu eta gero.
Sutopo Purwo Nugroho Indonesiako Hondamendiak Arintzeko Agentzia Nazionaleko bozeramaileak esan duenez, operatiboa larunbatean amaitu zuten, istripu mota horientzako Indonesiak ezarritako zazpi eguneko protokoloa gaindituta, eta desagerpenen inolako arrastorik izan gabe.
“Gaur ez da inolako operatiborik izan. Atzo amaitu genuen”, azaldu du Sutopok telefonoz.
Jorge de Miguel eta Victor Garcia abuztuaren 16an desagertu ziren, itsasontzia (25 pertsona zeramatzan) hondoratu zenean, Swmbawan, artxipelagoko hego-ekialdean, koralen arrezife baten aurka jo ostean.
Gainerako 23 bidaiariak, Rafael Martinez eta Maria Parrol espainiarrak barne, larunbatean eta igandean erreskatatu zituzten.
Desagertutako bi espainiarren familiek bilaketa bat antolatu dute
Abuztuaren 16az geroztik desagertuta dauden bi espainiarren familiak itxaropentsu daude eta bizirik egon daitezkeela uste dute. Hala, biharko bilaketa bat antolatu dute eta Sangean uhartera joango dira, hain zuzen ere, bertara igerian irits zitezkeela uste dute.
Familiek ohar batean jakinarazi dutenez, bihar Sangean uhartera iristea espero dute.
"Hondoratzea gertatu zenetik 8 egun igaro dira eta beharrezko materiala eta bitartekoak biltzen ari gara Sangean uhartea miatzeko", adierazi dute desagertutako bi pertsonen familiek. Halaber, bertako herritarrak ere bilaketa lanetara batuko direla adierazi dute.
Aipaturiko uhartean ura dagoela eta natiboak eta animaliak bizi direla baieztatu dute. "Hori jakinda, bizirik egon daitezkeenaren itxaropena daukagu", gaineratu dute.