Itxi

2014/08/27

17:36

Mundua

Ukrania

Ukraina ekialdean laster su etena lortzea baztertu du Kievek

Erredakzioa

Errusiazaleek indarkeria alboratzea jarri du akordioa lortzeko baldintza gisa Poroxenkok.

  • Putin eta Poroxenko elkarrekin izan ziren atzo Minsk hirian. Artxiboko irudia: EFE

    Putin eta Poroxenko elkarrekin izan ziren atzo Minsk hirian. Artxiboko irudia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ukrainako Gobernuak ez du baztertzen etorkizunean herrialdearen ekialdeko errusiazaleekin su etena adostea, beti ere, errusiazaleek borroka armatuari behin betiko uko egiten badiote. Bestalde, Gobernuak ez du ekialdean abiatutako terrorismoaren kontrako operazioa bertan behera uzteko inolako asmorik, Valeri Chali Ukrainako presidentearen gabineteko kideak jakinarazi duenez.

"Terrorismoaren kontrako operazioa gure herrialdearen subiranotasuna babesteko dugun gure eskumena da. Eta terroristek erasoak egiten badituzte, gure Armadak herria babestu beharu du", adierazi du Chalik kazetarien aurrean.

Su etena adosteko jarraitu beharreko "ibilbide-orria" ere hizpide izan du. Horren esanetan, Europako Segurtasun eta Lankidetza Erakundeak ikuskatuko luke balizko "ibilbide-orri" hori.

Chalik azaldu duenez, aipaturiko "ibilbide-orri" hori dokumentu zehatz bat baino gudari amaiera emateko beharrezkoak diren neurriak bilduko dituen prozesu bat izango da, eta neurri horiek "Poroxenkoren Bake plana" deiturikoan jasotzen direnak izango direla gaineratu du.

"Poroxenkoren bake planak izan behar du aldi baterako bake plan honen oinarria, eta bertan jasotzen diren proposamenak harremanetarako taldearen bitartez gauzatu daitezke", Ukrainako Gobernuaren esanetan. Aipaturiko harremanetarako taldea osatzen dutenak hauek dira: Ukraina, Errusia, Europako Segurtasun eta Lankidetza Erakundea, eta errusiazaleak gonbidatu gisa parte hartzen dute.

Matxinatuek ez dute Poroxenkoren bake plana onartzen, izan ere, bertan beraien errendizioa baino ez da jasotzen. Errusiazaleen aukerak gatazka gunetik alde egitea edo delitu larririk egin ez badute amnistia onartzea lirateke.

Kieveko Gobernuak ez ditu errusiazaleak solaskidetzat hartzen, gaur Chalik berretsi duenez. Chalik nabarmendu du mahai gainean jarri beharreko gaiak Errusia eta Ukrainaren arteko muga, su etena, presoak eta gatazkan zehar suntsitutako azpiegiturak berreraikitzea lirateke.

Soldadu errusiar gehiago Ukrainan sartu direla salatu du Gobernuak

Ukrainako Armadak jakinarazi duenez, soldadu errusiar gehiagok Ukraina ekialdeko muga gainditu eta Amvrosiyivka izeneko herrian sartu dira. Inguru horretan bertan Errusiako Armadako paraxutista atzeman zituen Ukrainako Gobernuak. Errusiak "akatsa" izan zela adierazi zuen, baina "misio berezian" zeuden errusiarrak zirela ziurtatu du Ukrainako Gobernuak.

Errusiaren balizko "kontraerasoaz" ohartarazi du AEBk

Errusiak Ukraina ekialdeko Donetsk eta Luhansk eskualdeetan "kontraerasoa" abiatu duela ohartarazi du AEBk. Hala adierazi du Jen Psaki AEBko Estatu Departamenduko bozeramaileak asteazkeneroko prentsa agerraldian.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;