Mundua -

Siria

NBEko 43 'kasko urdin' atxilotu dituzte Golango gainean

Nazio Batuen Erakundeak baieztatu du albistea. Halaber, beste 81 'kasko urdin' beren posizioetan egotera behartu dituzte.

Soldaduak
Soldaduak
Estatu Islamikoak preso hartutako 250 soldadu siriar hil ditu

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

43 "kasko urdin" atxilotu dituzte Golango gainean, Siria eta Israel arteko mugan, eta beste 81 kideri inguru horretatik mugitzea galarazi diete Nazio Batuen Erakundeak ostegun honetan baieztatu duenez.

Atxilotutako 43 kideak Fijikoak dira, eta Golango gaina behatzeko Nazio Batuen Erakundeak eratutako taldeko partaideak dira. "Nazio Batuen Erakundea atxilotutako 'kasko urdinak' askatzeko eta mugitzeko aukerarik ez duten soldaduei askatasuna berrezartzeko lanean ari da", adierazi du ohar batean.

Aipaturiko atxiloketak Siriako Armadaren eta identifikatu gabeko talde armatuen arteko borrokak areagotu diren garaian gertatu dira. 43 "kasko urdinak" Al Qunaytirah herriaren inguruetan atxilotu zituzten, eta beste 81 "kasko urdin", guztiak filipinarrak, Ar Ruwayhinah eta Burayqah hirien inguruetan egotera behartu dituzte.

Rami Abderrahman Siriako Giza Eskubideen Behatokiko zuzendariak Al Nusra Fronte jihadistari leporatu dio bahiketa. Talde hori Al Qaidaren Siriako adarra da.

Nazio Batuek ez dute inor erruduntzat jo, 43 kasko urdin "talde armatu" batek atxilotu dituela eta beste 81 mugitu ezinik daudela baino ez baitu baieztatu.

Fadi Alasmai Siriako oposizioko Red Sham erakundeko ordezkariak esan du Al Nursa Fronte jihadistako kideek kasko urdinen bi eraikin setiatuta dituztela, baina ez direla sartu. Gainera, Siriako Ejertzito Askeko kideak jihadistekin negoziatzen ari direla esan du, kasko urdinak askatu ahal izateko, baina Al Nusra ez dagoela negoziatzeko prest.

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiaren bozeramaile Stephane Dujarricek esan du zonaldeko aktoreekin kontaktuan jarri direla atxilotuak askatzea eta gainontzekoak libreki mugitzea lortzeko.

Siriako matxinoek Golango gainean NBEko langileak bahitzen dituzten hirugarren aldia da.

2013ko maiatzean, Filipinetako lau kasko urdin bahitu eta egun gutxitara askatu zituzten.

Bi hilabete lehenago, zonalde berean, Deraako erreboltariek beste 21 kasko urdin filipinar bahitu zituzten zenbait egunez.

1974eko maiatzaren 31n eratu zuten Golango gaina behatzeko Nazio Batuen Erakundeko taldea, orduan Siriak eta Israelek adostu zuten su-etena betetzen dela egiaztatzeko. Aipaturiko soldaduen eginbeharra abenduaren 31n amaituko da. Uztaila amaieran, sei herrialdetako 1.223 kidek osatzen zuten taldea: Fiji, India, Iranda, Nepal, Herbehereak eta Filipinak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da munduan gaur? Gerra Siria NBE albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Siria albisteak gaur