Mundua -

Eskoziako Erreferenduma

'Mapa berriak marraztu beharko ditu Europak'

Bernardo Atxaga idazleak eta Igor Calzada soziologoak gertutik ezagutzen dute Eskozia. Biek ala biek independentziazaleen goranzko joera nabarmendu dute.

Idoia Alberdi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iazko martxoan Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak independentziari buruzko erreferenduma egiteko data iragarri zuenetik, Euskal Herriko eragile sozial eta politiko asko hara begira daude, baita Bernardo Atxaga idazlea eta Igor Calzada Oxfordeko Unibertsitateko irakaslea ere. Gertutik ezagutzen dute Eskozia, eta interes handiz ari dira prozesua jarraitzen. Irailaren 18ko galdeketaren emaitzak emaitza, independentziaren aldekoen goranzko joera nabarmendu dute biek, Radio Euskadin eta Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.

Eskozian eta Erresuma Batuan demokrazia ulertzeko duten moduan dago Eskoziako prozesu independentista ulertzeko gakoa, Calzadaren hitzetan. Herrialde horietako kultura politikoa azpimarratu du soziologoak. "Eskozian, eta baita Erresuma Batuan ere, duten kultura politikoak ez du zerikusirik Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan dugunarekin. Hango demokrazia askoz ere helduagoa da gurearekin alderatuta", esan du. Erreferendumean independentzia gailenduko ez balitz ere, "Eskoziak independente izaten amaituko du, independentzia geratzera dator eta".

Eztabaidaren mamiaz galdetuta, soziologoak adierazi du ukaezina dela eredu ekonomikoak prozesu honetan duen pisua. Horren iritzian, "langileen botoa erabakigarria" izango da. "Westminsterreko boteredunen menpeko izatearen sentipena geroz eta zabalduago dago, eta horrek ezinegon handia sortu du Eskoziako gizartean, langile xumeen artean", gaineratu du. Hori dela eta, eskoziarrek "arrazoi ekonomikoak tarteko" egin nahi dute alde Erresuma Batutik, "ez identitate arrazoiengatik".

Katalunian eta Euskal Herrian ez bezala, "normaltasunez" eta "errespetuz" bizi dute prozesu soberanista Eskozian, "zatiketa sozialik gabe". "Identitate guztiak elkarrekin, normaltasun osoz, bizi dira", esan du irakasleak. Elkarbizitza horren atzean, Calzadaren iritzian, "kultura politikoa" dago.

Independentzia Eskoziara "gelditzera" datorrela eta "epe laburrean" Europak "mapa berriak marraztu" beharko dituela gaineratu du, "horrelako prozesu asko egongo direlako Europan; joera bat da".

Tradizioa eta identitatea

Bernardo Atxaga idazle asteasuarrak ere ondo ezagutzen du Eskoziako errealitatea. Edinburgoko Nazioarteko Liburu Azokan askotan egona da, eta lotura estua du Eskoziarekin. Calzadarekin bat dator Atxaga prozesuaren erdigunean herrialde hartako "kultura politikoa" jartzean. "Helburu jakin batekin abiatu dute bidea eskoziarrek, eta aldaketa handi baten atarian egon gaitezke, aldekoek zein kontrakoek errespetatuko duten bidean", esan du.

Prozesuaren muinean eredu sozioekonomikoa jarri du idazle asteasuarrak ere. "Petrolioaz eta aberastasunaz asko hitz egiten da Eskozian. Izan ere, eskoziarren irudikoz, euren petrolioaren etekinak konpainia handietara eta konpainia horiek kudeatzen dituzten politikarien poltsikoetara doaz, eta hori, egia edo gezurra izan, herriari galdetu behar zaio. Eurena dena eurek kudeatu nahi dute eskoziarrek, ez dago besterik", gaineratu du.

Dena dela, eztabaida ekonomikoa lehen lerroan dagoen arren, Eskoziak tradizio eta kultura propioak dituela ukaezina dela esan du Atxagak; beraz, "identitatearen eztabaida ere hor dago". Gaeleraren egoera ekarri du gogora Atxagak. Hizkuntza gutxitua izan arren, erreferendumaren kanpainan inoiz baino toki gehiago izan duela adierazi du. Eredu ekonomikoaren eta identitatearen eztabaidek bidea elkarrekin egin behar dutela uste du.

Etorkizuneko Europaren mapa desberdina izango dela esan du Atxagak ere. Horren hitzetan, Europan herritar asko eta asko ez dira dauden lekuan eroso sentitzen. "Eskoziako prozesuak eta antzekoek Europa berria marraztuko dute, eta Euskal Herrian eta Katalunian ere, mapa beste kolore batez marraztu beharko dugu", zehaztu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eskoziako independentzia erreferenduma