Mundua -
Neurriak
NATOren bileran erabilitako hesiak Calaisera bidaliko ditu Londresek
Frantziako portuko babesa handitzen saiatuko dira horrela. Bertatik, hainbat etorkin Ingalaterrara joaten saiatu dira azken egunotan.
Erredakzioa
Erresuma Batuak aste honetan Galeseko NATOren goi-bileran erabilitako segurtasun handiko hesiak bidaliko ditu Frantziako Calais portura. Hainbat etorkin Ingalaterrara joaten saiatu dira portu horretatik, James Brokenshire Inmigrazio idazkariak jakinarazi duenez. "The Sunday Telegraph" egunkarian artikulu bat idatzi du eta Calaiseko egoera kudeatzea Frantziako Gobernuarena dela azaldu du (duela egun batzuk portua blokeatzeko mehatxua egin zuen, Londresek ez bazuen "keinu adierazgarri" bat egiten segurtasun eza konpontzeko.
Aste honetan, hainbat dokumenturik gabeko hainbat etorkin Mantxako kanala zeharkatzen duen itsasontzira igotzen saiatu dira Britainia Handira heltzeko. Gainera, hainbat liskar izan dira Frantziako hirian dauden 1.200 etorkinen artean.
Hesiek hiru metroko altuera dute eta Galesko Celtic Manor konplexua inguratu zuten. Brokenshirek mezu bat bidali nahi die etorkinei: Erresuma Batua ez dela "leuna" inmigrazioarekin. Londresek hiru milioi libera inguru (3,7 milioi euro) bidali zituen iaz portuko segurtasuna hobetzeko. Frantziaren eta Erresuma Batuaren arteko bidaiari eta merkantzia aldaketa portu nagusia da, politikariak gogoratu duenez.
Gaur egun dauden hesiak "desegokiak" dira politikariaren ustez eta berriek beteko dute haien lekua. Gainera, dokumentuak dituzten bidaiariak itxaron dezaten aparkaleku bat sortzea proposatzen du.
Frantziatik ere presioa egin dute Erresuma Batuak Calaisen gehiago egin dezan eta Estatu idazkariak zera esan du: "irtenbide eraginkorrak elkarlanetik datoz eta ez aurrez aurre jartzetik". Halere, aitortu du ez dituela bere erantzukizunak albo batera utziko eta ez omen ditu "legea urratzen duten" etorkinik onartuko.
Inmigrazioa gai garrantzitsua izango da 2015eko maiatzean Erresuma Batuan izango diren hauteskundeei begira. David Cameronen alderdiak UKIP alderdia izango du aurkari, Europaren eta inmigrazioaren aurkakoa.