Mundua -

Ukrainako gatazka

AEBk eta NATOko lau herrialdek armak bidaliko dizkiotela dio Kievek

Dena den, AEBko, Italiako, Poloniako eta Norvegiako gobernuek Ukrainak zabaldutako informazioa gezurtatu dute. Frantziak ez du adierazpenik egin.

Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBk eta NATOko lau herrialdek (Frantzia, Italia, Polonia eta Norvegia) armak eta aholkulari militarrak bidaliko dizkiote Kievi, Ukrainako Presidentetzak igande honetan iragarri duenez.

"NATOren goi-bileran akordioa lortu genuen eta horren baitan AEBk, Frantziak, Italiak, Poloniak eta Norvegiak armak eta aholkulari militarrak bidaliko dituzte", azaldu du Yuri Litsenko Petro Poroxenko Ukrainako presidentearen taldeko kideak Facebookeko haren kontuan, Itar-Tass Errusiako albiste agentziak zabaldu duenaren arabera.

Galeseko Newport hirian irailaren 5ean eta 6an egin zen NATOren goi-bileran lortu zuten akordioa. Poroxenko goi-bilera horretan izan zen eta bileraren ondotik, NATOko hainbat herrialde Ukrainari armak bidaltzeko prest agertu zirela esan zuen, baina ez zituen herrialdeak aipatu.

Arma bidalketa horri esker, Ukrainak arma modernoagoak eskuratuko dituela adierazi zuen. Orain arte, NATO Ukrainari armak bidaltzearen kontra agertu da, Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundetik (NATO) kanpo dagoelako. Hala ere, NATOk ez du baztertu aliantzako kide diren herrialdeek beren kasara armak bidaltzea.

AEBko, Italiako, Poloniako eta Norvegiako gobernuek gezurtatu egin dute

AEBko Gobernuak gezurtatu egin du Ukrainara arma modernoak bidaliko dituela, eta Italia, Polonia eta Norvegiako gobernuek ere gauza bera egin dute. "AEBk ez diote inolako eskaintzarik egin Ukrainari laguntza hilgarria emateko", adierazi dio AEBko gobenuko ordezkari batek Reuters albiste agentziari.

Italiako, Poloniako eta Norvegiako gobernuek ere informazioa gezurtatu egin dute. "Informazio hori ez da zuzena. Italia Europar Batasuneko eta NATOko beste herrialde batzuekin batera hilgarriak ez diren gauzekin laguntza militarra prestatzen ari da: balen kontrako txalekoak edota kaskoak esaterako", azaldu du Italiako Defentsa Ministerioko bozeramaile batek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen da munduan? Ameriketako Estatu Batuak bideoak Errusia bideoak NATO argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra