Mundua -

AEB

Obamak plan berezia iragarri du Estatu Islamikoa garaitzeko

Asteazkenean emango ditu egitasmo horren inguruko xehetasunak Kongresuaren aurrean egingo duen agerraldian.

Barack Obama AEBko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB
Barack Obama AEBko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB
Barack Obama AEBko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBko presidenteak Estatu Islamikoa garaitzeko egitasmo berezia iragarri du igande honetan. Datorren asteazkenean eramango du plan hori Kongresura, eta bertan emango ditu estrategiari buruzko xehetasunak.

Obama Kongresuko buruekin elkartuko da asteartean, eta egitasmo berria babesteko eskatuko die. Asteazkenean, Kongresuaren aurrean hitz egingo du, eta bertan "gure egitasmoa zein den azalduko dugu", aurreratu du Obamak NBC telebista kateari eskainitako elkarrizketan. "Estatubatuarrek Estatu Islamikoaren mehatxua ulertzea eta horri nola egingo diogun aurre jakin dezaten nahi dut. Halaber, herritarrek mehatxu horri aurre egiteko gai izango garela jakitea nahi dut", azpimarratu du. "Hurrengo pausoa erasora pasatzea da", aldarrikatu du.

AEBk herrialde arabiarren babesa beharko duela azpimarratu du, eta Saudi Arabia, Jordania, Arabiar Emirerri Batuak eta Turkia aipatu ditu, besteak beste.

Estatu Islamikoa garaitzeko egitasmoa Kongresuan bozkatuko den galdetuta, "AEBko herritarrak babesteko baimena" jasoko duen itxaropena agertu du. "Kongresuko kideek egitasmoa eztabaidatzea, ulertzea eta babestea garrantzitsua dela uste dut", nabarmendu du.

Hala ere, Obamak baztertu egin du Irakera edo Siriara soldaduak bidaltzea: "Hau ez da Irakeko gerraren antzekoa". "Nazioarteko koalizio bateko kide izango gara, eta inguru horretan bertan borrokan ari diren soldadu irakiarrei eta kurduei laguntzeko aire erasoak egingo ditugu", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barack Obama argazkiak