Mundua -
Klimari buruzko goi-bilera
Espainiako erregea Obamarekin bilduko da gaur
Felipe VI.ak New Yorken Klimari buruzko Goi-bileran hitzaldia eman ostean izango da batzarra.
Erredakzioa
Espainiako erregea Barack Obama AEBko presidentearekin bilduko da gaur, NBEk New Yorken antolatu duen Klimari buruzko Goi-bileran parte hartu ostean.
Bilera arratsaldean izango da, Waldorf Astoria hotelean, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian parte hartzen ari diren agintari estatubatuarren egoitzan.
Felipe VI.a Letizia erreginarekin batera joan da NBEren Batzar Nagusira, eta gaur hitzaldia emango du Klimari buruzko Goi-bileran, Mohamed VI.a Marokoko erregearen ostean.
Obamarekin bildu aurretik, Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak antolatu duen hamaiketakoan izango da Espainiako erregea.
Obamak lau agintari soilik hartuko ditu New Yorken egiten ari den bisitan, eta duela hiru hilabete Espainiako errege izendatu zutena izango da horietako bat. Besteak Haidar Al Abadi Irakeko lehen ministroa, Abdelfata Al Sisi Egiptoko presidentea eta Hailemariam Desalegn Etiopiako lehen ministroa izango dira.