Itxi

2014/09/24

20:14

Mundua

NBE-ren batzarra

Estatu islamikoaren kontrako borrokara batzeko deia egin du Obamak

Erredakzioa

50 herrialde baino gehiagok bat egin dute Estatu Islamikoaren kontra borroka egiteko AEBetako gobernuak bultzatutako nazioarteko koalizioarekin.

  • Barack Obama AEBtako presidentea NBEko asanbladaren aurrean emandako hitzaldian. Argazkia: EFE

    Barack Obama AEBtako presidentea NBEko asanbladaren aurrean emandako hitzaldian. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Estatu Islamikoaren kontrako borrokara batzeko deia egin die Barack Obama AEBko presidenteak munduko herrialdeei, bereziki arabiarrei, Estatu Islamikoa desegitea lortzeko.

"Estatu Islamikora batu diren horiek borroka gunetik atera beharko lukete horretarako aukera duten bitartean (...), izan ere, ez dugu mehatxuen aurrean amore emango eta, etorkizuna, suntsitzen dutenei baino eraikitzen dutenei dagokiela erakutsiko dugu", adierazi du Obamak Nazio Batuen Erakundeko batzarraren aurrean eskainitako hitzaldian.

"Estatu Islamikoaren, Al Qaedaren edo Boko Haram taldeen ideologia zimeldu eta hil egingo da, uneoro eguzkiaren argitan badago eta horri aurre egin behar badio", iragarri du Obamak.

Horretarako ezinbestekoa da munduko herrialdeek, "bereziki, arabiarrek, Al Qaedaren eta Estatu Islamikoaren ideologia esplizituki eta irmoki baztertzea", Obamaren arabera.

50 herrialde baino gehiagok bat egin dute Estatu Islamikoaren kontra borroka egiteko AEBetako gobernuak bultzatutako nazioarteko koalizioarekin. Eraso militarrez gain, Estatu Islamikoari ekonomikoki presioa egitea eta atzerriko borrokalariak taldera batzea eragotzi nahi dute.

Ukraina

Bestalde, "historiaren alde egokian" kokatzeko eskatu die Obamak beste herrialde batzuei. Errusiaren aurkako zigorrak areagotzeko eskatu die; izan ere, Moskuk "gerraondoko ordenari" desafio egin dio. Errusia Lehen Mundu Gerraren ostean sortutako ordena "zalantzan" jartzen ari dela kritikatu du AEBetako agintariak.

AEBetako Gobernuak Errusiari "kostuak inposatzen" jarraituko duela ziurtatu du buruzagiak, baina Moskuk Minsken adostutako su-etena errespetatzen baldin badu zigorrak bertan behera utziko dituztela erantsi du.

Ebolaren mehatxua

Gainera, Afrikako Mendebaldean ebolaren agerraldiak dituen arriskuetaz ohartarazi du AEBetako presidenteak. Birusa geldiarazteko nazioartearen laguntza eskatu du Obamak.

"Gaixotasuna gelditzeko esfortzu zabalagoa behar dugu; izan ere, eritasunak milaka lagun hil, sufrimendu ikaragarriak eragin, ekonomiak ezegonkortu eta mugak gainditu ditzake", adierazi du Obamak.

Azkenik, Gazako eta Zisjordaniako statusa "iraunkorra" ez dela ziurtatu du Obamak. Israelen eta Palestinaren arteko bake prozesua geldirik dago, munduak "ezin du ezikusiarena egin".

Felipe VI.a

Bestalde, "Espainia eraberritua" Segurtasun Kontseiluan sartzeko babesa eskatu dio Felipe VI.ak NBEko Batzar Nagusiari. Erregearen esanetan, Espainiak intolerantzia eta fanatismoa arbuiatzen ditu eta zailtasunak gainditzeko gai da. Gainera, Espainiak "zintzotasuna eta eredugarritasuna eskatzen" ditu, adierazi duenez.

Batzarraren aurrean aurrenekoz hitz egin du Felipe VI.ak. Trantsizioan landutako sistema aldarrikatu du monarkak "harrotasunarekin eta emozioarekin". "Demokraziak Espainiako herritar eta lurralde guztiak babesten ditu aniztasun politiko, geografiko, kultural eta linguistikoan".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;