Mundua -
Etxe Zuria
Eric Holder AEBko fiskal nagusiak dimisioa aurkeztu du
Karguan eman dituen ia sei urteetan azaldutako "leialtasun sakona" eskertu dio Barack Obama AEBko presidenteak Holderri. Holder aurreneko fiskal nagusi beltza izan da.
Erredakzioa
Eric Holder fiskal nagusiak kargua utzi duela jakinarazi du gaur Barack Obama AEBko presidenteak. Karguan eman dituen ia sei urteetan azaldutako "leialtasun sakona" eskertu dio Obamak Holderri.
Horren berri emateko Etxe Zurian egin duen prentsaurrekoan, Holder bera izan du ondoan presidente estatubatuarrak. Holder aurreneko fiskal nagusi beltza izan da.
Obaman goraipatu egin du Ameriketako Estatu Batuek "munduko sistema judizialik onena izaten jarraitzeko" fiskal nagusiak azaldutako "grina". "Holderren esfortzuari esker, krimenen tasak eta presoen kopuruak behera egin dute", erantsi du buruzagiak.
Holderrek batez ere eskubide zibilen esparruan izandako lorpenak goraipatu eta gero, fiskal nagusiaren dimisioa "gazi-gozoa" dela adierazi du Obamak.
"Aurkako sentipenak"
Ordezkoa aukeratu bitartean, Justizia Departamentua zuzentzen jarraituko du Holderrek. Karguan sei urte eman eta gero, "kontrako sentipenak" dituela onartu du fiskal nagusiak.
"Ez dut sekula lana utziko. Laguntzen jarraitzeko moduak aurkituko ditut", esan du Holderrek. 63 urteko fiskal nagusiak eskerrak eman dizkio Obamari. Holder presidentea lagun izateaz "harro" agertu da, eta familia eta gurasoak ere hartu ditu gogoan.