Mundua -
Estatu Islamikoa
Erresuma Batuak baimena eman du Iraken bonbardatzeak egiteko
Parlamentuak onartutako adierazpenak baztertu egin du, oraingoz, Sirian ere erasoak egitea. Estatu Islamikoaren kontrako borrokak “urteak” iraungo duela esan du David Cameronek.
Erredakzioa
Erresuma Batuko Parlamentuak adostasun zabalarekin onartu du Iraken Estatu Islamikoaren kontra bonbardatzeak egitea. Erasoaldiak datozen orduetan hasiko dituztela espero da.
Ezohiko bilkura batean, 524 diputatuk babestu dute David Cameronek zuzentzen duen Gobernuaren proposamena; 43 diputatu, berriz, aurka azaldu dira.
Gaur onartutako adierazpenaren arabera, Sirian, oraingoz, ez dituzte Estatu Islamikoaren kontrako erasoaldiak egingo. Dena dela, Camerok azpimarratu du ez dagoela inolako “oztopo legalik” etorkizunean herrialde horretan ere eraso militarrak egiteko.
Ed Miliband oposizioko buruzagiak esan du erasoak beste herrialde batzuetan egiteko aukerak aztertzeko prest daudela, baina, horrela izanez gero, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren babesa izatea “komenigarria” litzatekeela.
Duela urtebete inguru, Cameronek Siriaren kontrako erasoaldiak egitea proposatu zuen, Bachar Al Asad presidentearen Gobernuak arma kimikoak zituela argudiatuta, baina orduan ez zuen Parlamentuaren babesa izan.