Mundua -
Torturak Iraken
Bost militar espainiar auzipetuta, Iraken presoak torturatzeagatik
2013an zabaldutako bideo batean auzipetutako batzuk lurrean botata zeuden bi preso jipoitzen ikus daitezke.
Erredakzioa
Bost militar espainiar auzipetu dituzte, 2004an bi preso torturatzea leporatuta, ikerketaren iturriek baieztatu dutenez.
Gertakariak Espainiako Armadak Iraken zuen basean jazo ziren. Militar talde bat (bost identifikatu dituzte) bi irakiarrak gatibu zeuden ziegara joan eta jipoitu eta umiliatu egin zituzten.
2013ko martxoan El Pais egunkariak zabaldutako bideo batean, hiru militar espainiar lurrean zeuden bi preso irakiarrak ostikoz jotzen ikus zitezkeen, beste bi militar begira zituztela. Auzitegi Militarrak ikerketa bat jarri zuen abian eta bost militarrak identifikatu zituen; irudiak grabatu zituen seigarrena, berriz, ez.
Auzipetuetako hiru militarrak dira: horietako bat, egun, kapitaina da eta Espainiako Inteligentzia Zentroan ari da lanean; beste biak kaboak dira, bata Legioan eta bestea Guardia Zibilean.
Gainerako bi auzipetuak egun guardia zibilak dira.