Mundua -

Ebola

NBCko kazetari bat ebolaz kutxatu da Liberian

Ebolari  buruzko informazioa lantzen ari zen kameralaria Monrovian. Asteazkenean, ondoezik zegoela eta, Mugarik Gabeko Medikuen zentro batera joan zen eta han atzeman zioten gaixotasuna.

Liberia. Argazkia: EFE
Liberia. Argazkia: EFE
Liberia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NBC telebista-kateko kazetari estatubatuar bat ebolaz kutxatu da Liberian. Kameralaria da eta ebolari buruzko erreportajeak grabatzen ari zen Monrovian. Egoera horren aurrean, Liberian zuen lan-talde osoa etxeratu dutela, hegaldi pribatuetan, jakinarazi du NBC hedabideak.

"Gure langileak babesteko neurriak hartu ditugu. Oraingoz, kameralaria bakarrik dago ebolaz kutxatuta. Gainerakoek ez dute gaixotasunaren zantzurik, baina, badaezpada, osasun-zerbitzuen ardurapean jarri ditugu. Hegaldi pribatuetan ekarri ditugu. Gutxienez, 21 egun egongo dira koarentenan", adierazi du Deborah Turnesse NBC Newseko arduradunak.

Aste honetan bertan beste kasu bat ezagutu da AEBn: Thomas Eric Duncan Estatu Batuetan bizi den liberiarra ospitaleratu zuten aste hasieran, eta azterketak egin ondoren, ebola zuela baieztatu zuten. Afrikan egon berria da Eric Duncan. Dallaseko ospitale batean dago ingresatuta.

AEBn alerta piztuta dagoenean iritsi da, beraz, NBCko kameralariaren kasua. Hiru bat urte zeramatzan Liberian lanean 33 urteko kazetariak; hainbat komunikabiderentzat egiten zituen erreportajeak. Azkenaldian, ebolari  buruzko informazioa lantzen ari zen. Asteazkenean, ondoezik zegoela eta, Mugarik Gabeko Medikuen zentro batera eraman zuten lankideek. Froga guztiak egin eta gero, ebola zuela esan zioten.

Munduko Osasun Erakundeak asteon eman dituen datuen arabera, dagoeneko 3.338 lagun hil dira Afrikan ebolak jota.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ebola bideoak Kazetaritza azken ordukoa