Mundua -
Protestak Hong Kongen
Istiluak izan dira manifestarien eta protesten aurkakoen artean
Hong Kongeko gobernadoreak manifestariekin bilduko dela iragarri arren, tentsioa nagusi da Hong Kongen.
Erredakzio
Demokraziaren aldeko taldeen eta Pekinen aldeko taldeen arteko liskarrak izan dira Hong Kongen. Poliziak istiluetan parte hartu behar izan du, eta bi taldeak bereizteko giza katea egin du.
Istiluak Mong Kok inguruan izan dira, eta 50 polizia inguru bertaratu dira. Demokraziaren aldekoek eta Pekinen aldekoek hainbat bultzakada eman dizkiote elkarri eta oihu ugari entzun dira. Demokraziaren aldekoek sufragio unibertsala eskatzen dute Hong Kongen. Gobernuaren aldekoek, berriz, inguruan jarrita dauden kanpalekuak eta barrikadak kendu nahi dituzte.
Hainbat lagun zauritu dira, boluntarioek jakitera eman dutenez. Zaurituen kopurua eta horien egoera, ordea, ezin izan dute zehaztu.
Azken astean protesta ugari izan dira Hong Kongen. Milaka ikasle eta aktibista kalera irten dira demokrazia eske. Gobernadorea aukeratzeko 2017an izango diren hauteskundeetako boto-sistema aldatzea eskatzen dute.
Manifestarien kopuruak behera egin du azken orduetan. Euria ari du eta, jaiegunak amaituta, asko eta asko lanera itzuli dira.
Hala ere, ehunka lagunek protesta egiten jarraitzen dute. Seigarren eguna dute protestek, eta goizean Gobernuaren hainbat eraikinetarako sarrerak oztopatu dituzte.
Elkarrizketa
Atzo gauean ikasleek onartu egin zuten Exekutiboak aurkeztutako elkarrizketa proposamena. Hala ere, Leung Cheung Yin gobernadoreak dimisioa eman behar duela uste dute.
Epea amaitzear zegoenean, Leung komunikabideen aurrean agertu zen, eta, dimisiorik eman beharrean, elkarrizketari bidea ireki zion. Carrie Lam Administrazio idazkaria izendatu du ikasleekin biltzeko.