Mundua -
Frantzia hegoaldean
Dozenaka lagun etxetik atera dituzte uholdeengatik, Montpellierren
200 suhiltzaile inguru ari dira lanean, atzotik, Montpellier inguruan: euri-erauntsi handia bota zuen eta denbora gutxian Lez ibaiak gainezka egin zuen.
Erredakzioa
Dozenaka lagun atera dituzte, bart, euren etxeetatik Montpellier inguruan (Frantzia), uholdeengatik. Helikopteroetan atera dituzte eta hiriaren kanpoaldeko kirol-guneetara eraman dituzte, gaua pasatzera. Euren kabuz etxetik atera diren ehunka lagun ere hiriaren kanpoaldeko babes-guneetan bildu dira. Urak txikizioak eragin dituen arren, ez da inor zauritu.
200 suhiltzaile inguru ari dira lanean, atzotik, Montpellier inguruan: euri-erauntsi handia bota zuen eta denbora gutxian Lez ibaiak gainezka egin zuen. Auto ugari eraman zituen urak.
Frantziako meteorologia zerbitzuek iragarri dutenez, euri-fronteak Herault departamentua atzean utzi du, eta Var ingurua hartuko du gaur. Hala, inguru hori zaintzen ari dira larrialdi-arduradunak: besteak beste, Gapeau ibaiak gainezka egin dezaken lekuak babesten ari dira.
Irailaren amaiera aldera, Montpellier eta inguruko herrietan euri-jasa handiak bota zituen, eta kalte handiak pairatu zituzten.