Mundua -
Brusela
Europako Parlamentuan sartu dira manifestari kurduak
Estatu Islamikoak Siria iparraldeko Kobani hirian (gehiengo kurdua du) egindako "sarraskia" salatu nahi izan dute.
Erredakzioa
Estatu Islamikoaren erasoen aurrean Europar Batasuna "ezer egin gabe" dagoela salatzeko, ehun bat kurdu sartu dira gaur Europako Parlamentuko egoitzan, Bruselan.
Egunotan Parlamentuaren kanpoaldean protesta egin dute manifestari kurduek. Gaur, ordea, ate nagusitik indarrez sartu dira egoitza barrura, Euskal Herrian 10:00ak zirenean. Handik hirugarren solairura joan dira, Parlamentuko hainbat egoitzarekin lotunea duelako. Eurodiputatu talde bat eurekin biltzeko prest agertu da.
Manifestariek ohar batean jakinarazi dutenez, Estatu Islamikoak irailaren 15ean Siria iparraldeko Kobani hirian (gehiengo kurdua du) egin zuen "sarraskia" salatzeko sartu dira Parlamentuaren egoitzan.
Protesta horrez gain, gose grebak ere egin dituztela azaldu dute. Oharraren arabera, 10.000 kurdu daude "Europako kaleetan Kobanin gertatutakoa jakinarazteko".
"Kobaniko herri kurduaren genozidioa saihestu behar du Europar Batasunak"
Hori horrela, "herri kurduari babesa emateko eta Kobaniko kurduen genozidioa saihesteko lehenbailehen zerbait egiteko" deia egin diote Europar Batasunari.
Keje Kotluk manifestarien bozeramaileak azpimarratu duenez, "Belgikako eta Europako gobernuak ezin dira entzungor geratu".
Kurduak nagusi diren Siriako hiru herri garrantzitsuenetako bat da Kobani, iparraldean Turkiarekin muga egiten duena. Azken egunotan borroka odoltsuak izan dira bertan matxino kurdu eta Estatu Islamikoko borrokalarien artean. Izan ere, Estatu Islamikoak Iraken eta Sirian dituen aurkari nagusiak dira matxino kurduak.