Mundua -

Sakharov saria

Denis Mukwegeren lana saritu du Europako Parlamentuak

Bukavuko (Kongo) Panzi ospitalea fundatu zuen, eta mutilazio genitala pairatu duten emakumeak eta neskatoak artatu ditu bertan 1998tik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Denis Mukwege Kongoko ginekologoari eman dio aurten Europako Parlamentuak Kontzientzia Askatasunaren Sakharov saria. Afrikan bortxaketen biktimak izan diren emakumeak eta neskatoak artatzen dituen ospitalea jarri zuen martxan 59 urteko medikuak.

Panzi ospitalea fundatu zuen Bukavun (Kongoko Errepublika Demokratikoa), eta mutilazio genitala pairatu duten emakumeak eta neskatoak artatu ditu 1998tik. Matxinoen abusuak jasan dituzten biktimak ere artatzen dituzte bertan.

Nahiz eta ofizialki Kongoko gerra bukatutzat jo, herrialdearen ekialdean gatazka ez da amaitu. Bortxaketak eta herritarren aurkako erasoak etengabeak dira oraindik.

Emakumeen eskubideak defendatzeko, maiz egiten ditu bidaiak atzerrira Mukwegek, baina astean bi egun ematen ditu pazienteak artatzen, Euroganberak agiri batean nabarmendu duenez.

Euromaidan, aipamen berezia

Bestalde, Ukrainan Euromaidan izenaz ezagutzen diren protesta europazaleei aipamen berezi bat ematea erabaki dute talde politikoek, Europako Alderdi Popularrak proposatuta. Sozialdemokratek ere babestu dute proposamena. Mugimendu horren ordezkariak Estrasburgora joango dira azaroaren 26an, Sakharov sariaren zeremonian parte hartzera.

Euromaidan Viktor Janukovitx Ukrainako presidentearen Gobernuari aurre egiteko oposizioaren ikur bilakatu zen 2013ko bukaeran, eta Janukovitxek Errusiara ihes egin zuen, horien ondorioz.

Leyla Yunus

Bestalde, Euroganberak ordezkaritza bat bidaliko du Azerbaijanera, Leyla Yunus giza eskubideen aldeko ekintzailearekin biltzera. Yunus sariaren hirugarren finalista izan da.

Azerbaijanen espetxeratu zuten giza eskubideak defendatzeagatik. Bake eta Demokrazia Institutuaren zuzendaria da.

Uztailaren 30etik atxilotuta dago, eta nazioarteko erakundeek, besteak beste, Europako Parlamentuak, askatzeko eskatu dute.

Besteak beste, Nelson Mandela Hegoafrikako buruzagiak, Basta Ya! Espainiako plataformak eta Guillermo Fariña Kubako erregimenaren aurkako ekintzaileak jaso dute Sakharov saria.

Iaz Malala Yusafzai 16 urteko neskatoak jaso zuen saria, neskatoen hezkuntzaren alde egindako borrokagatik. Aurten Bakearen Nobel saria jaso du. Talibanek tirokatu egin zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Batasun europarra Denis Itxaso