Mundua -
Atentatua Kanadan
Islamera bihurtutako Kanadiar bat, Ottawako ustezko hiltzailea
Michael Zehaf-Bibeau zen ustezko hiltzailea. 2004 eta 2009 urteetan atxilotu eta zigortu egin zuten, drogak izateagatik.
Erredakzioa
Ottawan, Kanadako Parlamentuaren kanpoaldean, atzo izandako atentatuaren ustezko egilea Michael Zehaf-Bibeau zen, bertako Poliziaren arabera. Hildako soldadua, berriz, Nathan Cirillo da.
Zehaf-Bibeau 32 urteko kanadarra zen, Quebecen bizi izandakoa. 2004 eta 2009 urteetan atxilotu eta zigortu egin zuten, drogak izateagatik. Ottawako hedabideek jakitera eman dutenez, Islamera aldatuta zegoen.
Cirillok 24 urte zituen eta Kanadako Parlamentutik gertu zaintza-lanak egiten ari zen: hiltzaileak errifle batekin egin zion tiro.
Soldadua hil ondoren, Parliament Hill eraikinerantz joan zen erasotzailea: Behe Ganbera eta Senatua dauden eraikinera sartu zen, eta han, segurtasun indarrek tiroz hil zuten Zehaz-Bibeau.
Polizia gertatukoa ikertzen ari da: ustezko hiltzaileak bakarrik edo beste norbaiten laguntzarekin aritu ote zen aztertzen ari dira. Izan ere, lekukoen arabera, janzkera berdintsua zuten bi gizonezko ikusi zituzten soldadua hil zuten lekuan.
Parliament Hill itxita du Poliziak, eta segurtasun indarrak ingurua zaintzen eta miatzen ari dira.