Mundua -
Washington estatua
Bi gazte hil eta lau zauritu dira AEBn izandako tiroketa batean
Antza denez, hiltzailea institutuko ikaslea da, eta, tiroketa egin ostean, bere buruaz beste egin du. Beste tiroketa batean, Kalifornian, bi polizia hil dira.
Erredakzioa
Bi pertsona, horietako bat tiroketaren egiletzat jotzen duten ikaslea, hil egin dira eta beste lau zauritu dira Estatu Batuetan, Washington estatuko bigarren hezkuntzako institutu batean, Poliziak baieztatu duenez.
Robert Lamoureux Poliziaren bozeramaileak azaldu duenez, pertsona batek hainbat alditan egin du tiro Marysvilleko Pilchuck institutuan, eta ondoren bere buruaz beste egin du.
Zenbait lekukok CNNri eta KIRO 7 telebista kateari esan dietenez, tiro egin duen gaztea Jaylen Ray Fryberg zentroko ikaslea da.
Beste gertakari batean, bi polizia hil dira eta beste bat zauritu da Kalifornian, gizon batek tiro eginda. Gizona sei orduz ibili da ihesean, eta ihesaldi horretan zibil baten kontra ere tiro egin du.
Ustezko erasotzailea (Marquez abizenekoa) Auburneko etxe batean atzeman dute, Placer konderrian, agintarien arabera.
Poliziaren esanetan, erasotzaileak ageriko arrazoirik gabe egin zien tiro agenteei, bere ibilgailura hurbildu zirenean.