Mundua -
Iran
Bere bortxatzailea hil zuen emakumea urkatu du Iranek
Reyhaneh Jabbarik 26 urte zituen eta bortxatzailea bere buruaren defentsan hiltzeagatik zigortu dute.
Erredakzioa
Irango agintariek 26 urteko emakume bat urkatu dute. Emakumeak bere bortxatzailea hil zuen, bere buruaren defentsan, giza eskubideen erakundeek adierazi dutenez. Heriotzaren berria IRNA Irango agentzia ofizialak eta CNN telebista kateak eman dute ezagutzera.
Shole Pakravan Irango aktore ezagunaren alaba da Reyhaneh Jabbari, eta Morteza Abdolali Sarbandi Irango Adimen Ministerioko langile ohia hiltzeagatik zigortu zuten. Emakumearen zigorra irailaren 30ean gauzatuko zela iragarri arren, iritzi publikoaren presioak atzeratu egin du, Amnistia Internazionalak adierazi duenez.
Nazio Batuen Erakundea zigorraren aurka agertu zen eta emakumeak epaiketa justurik ez zuela izan salatu zuen.
"Hau ez da justizia, norbaitek bere buruaren defentsan jarduten duenean inon ez dute krimentzat jotzen, gure legeak ere aukera hori aurreikusten du, baina epaileek nire alaba bere burua defendatzen ari zela onartzera ukatu egin ziren", adierazi zuen biktimaren amak malko artean.
NBEren arabera, 19 urte zituenean kontratatu zuen Sarbandik Jabbari, dekoratzaile moduan. Funtzionarioak sexu-erasoa egin zion gazteari eta hainbat golpe eman zizkion. Gertaerak izan zirenean hirugarren lagun bat ere bazela adierazi zuen emakumeak.
Atxilotu ostean, emakumea bi hilabetez bakartuta egon zen kartzelan, senideekin eta konfiantzazko abokatuarekin hitz egin ezinik. Gainera, espetxean egon zen denboran torturak jasan zituen, Amnistia Internazionalaren txostenaren arabera.
Amnistia Internazionalak Reyhaneh Jabbariren hilketa salatu du
Amnistia Internazionala taldeak jakinarazi duenez, Reihane Yabariren hilketa Irango giza eskubideen historian "orban odoltsu" bat da.
Giza eskubideen defentsarako erakundeak irandar gaztearen hilketa salatu du, izan ere, akatsez betetako ikerketaren eta epaiketaren ondotik zigortu zuten. "Justiziaren kontrako iraina da", gaineratu du Amnistia Internazionalak.
"Zoritxarrez, kasu hau arrunta izatetik urrun dago. Beste behin, Iranek heriotza zigorra aplikatu du prozedura judizialari buruzko zalantza larriak baldin bazeuden ere", azaldu du. Gainera, heriotza zigorra gaitzetsi du eta inoiz ez litzatekeela aplikatu behar azpimarratu du.
AEBren gaitzespena
"Reihane Yabariren hilketa gaitzesten dugu. Emakume irandarra, bere buruaren defentsan, sexu erasoa egin zion gizonezkoa hiltzeagatik zigortu zuten", adierazi du Jen Psaki AEBko Estatu Departamentuko bozeramaileak ohar bidez jakinarazi duenez.
"Epaiketaren bidezkotasunaren eta kasuaren inguruko baldintzen inguruan kezka asko sortu ziren, eta zenbait txostenen arabera, irandar gazteak torturapean egindako adierazpenak erabili zituzten bere kontra", gaineratu du.
Nazioartea gazte irandarra hiltzearen kontra agertu bada ere, Irango Gobernuak hilketarekin aurrera jarraitzea erabaki zuela deitoratu du.