Mundua -
Istripua
Kohete bat lehertu da NASAren instalazioetan, jaurti eta gutxira
Koheteak jaurti eta sei segundora egin du eztanda, baina ez dago biktimarik. Nazioarteko Espazio Estazioa hornitzea zuen helburu.
Erredakzioa
Tripulazio gabeko kohete bat lehertu da bart NASAren instalazioetan, Virginian (AEB), baina ez da inor zauritu. Kohetea Orbital Sciences Corporation enpresa pribatuarena zen, eta Nazioarteko Espazio Estazioa hornitzea zuen helburu.
NASAk azaldu duenez, eztanda jaurtiketa egin eta sei segundora jazo da, baina oraindik ez dago argi zergatik gertatu den.
Koheteak Cygnus kapsula zeraman espazio estaziora, bertan dauden tripulatzaileak hornitzeko, eta hainbat esperimentu ere bazeramatzan. Bi tona material, orotara.
Besteak beste, meteoritoak Lur planetaren atmosferan sartzen diren unea aztertzeko esperimentu bat zeraman koheteak estaziora.
Orbital Sciences NASAk Nazioarteko Estaziora garraioak egiteko kontratatutako bi enpresa pribatuetako bat da. 1.900 milioi dolarreko kontratua sinatu zuten, Cygnus kapsularekin zortzi garraio-misio egiteko.
2011. urtean, NASAk bertan behera utzi zuen transbordadoreen programa, eta, ondorioz, enpresa pribatuetara jo behar du orain Nazioarteko Espazio Estaziora garraioak egiteko, eta Soyuz espazio-ontzi errusiarrak erabili behar ditu astronautak espazioratzeko.
Nazioarteko Espazio Estazioa 15 herrialdek sortu zuten, 100.000 milioi dolarreko kostua izan zuen, eta Lur planetatik 385 kilometrora dago.