Mundua -
Istiluak
Su eman diote Burkina Fasoko Parlamentuari, matxinada jendetsu batean
Presidentearen agintaldia luzatzeko Konstituzioaren erreforma geldiarazi nahi dute protestariek. Compaore presidenteak Gobernua desegin eta larrialdi egoera ezarri du.
Erredakzioa
Herritarren matxinada jendetsu batek geldiarazi egin du Blaise Compaore Burkina Fasoko presidenteak 27 urtetik harago agintzen jarraitu ahal izateko Konstituzioaren erreforma. Istilu larriak izan dira, eta Gobernua deseginda eta hiriburua, Uagadugu, kaosean murgilduta daude.
Asanblada Nazionalak zuzenketa konstituzionala bozkatu behar zuen gaur, estatuburuak bostgarren agintaldi bat egiteko aukera izan dezan, baina protestak oso gogorrak izan dira eta proiektua baztertu egin behar izan dute. Izan ere, gertakarien artean, manifestariek su eman diote Parlamentuari.
Telebista eta irrati publikoen egoitzei ere egin diete eraso, eta emisioak eten egin behar izan dituzte.
Gobernua desegin eta larrialdi egoera ezarri du
Blaise Campaore Burkina Fasoko presidenteak Gobernua desegin duela iragarri du gaur, eta larrialdi egoera ezarri du, manifestarien presioa dela eta.
Campaorek azaldu duenez, "aldaketarako baldintzak sortzeko" erabaki du Gobernua desegitea. "Protestak alde batera uzteko eskatzen die oposizioko buruzagi politikoei. Elkarrizketa abiatu nahi dut krisia amaitzeko", azpimarratu du.