Mundua -
Iran
Emakume bat espetxeratu dute Iranen, boleibola ikusten saiatzeagatik
Urtebeteko kartzela zigorra ezarri diote. Iranen emakumeek debekatuta dute gizonezkoen futbol edota boleibol partidak ikustera joatea.
Erredakzioa
Ghoncheh Ghavami emakume britainiar-irandarrari urtebeteko kartzela zigorra ezarri diote Irango Estatuaren kontrako propaganda egitea egotzita. Emakumeek gizonezkoen futbol edota boleibol partidetara joatea debekatuta dute Iranen, eta debeku hori salatzeko Teheranen egin zen manifestazio batean parte hartzea leporatu diote Ghavamiri.
Ghavamik 25 urte ditu, eta ekainaren 20an atxilotu zuten Teherango Azadi estadioaren atarian, emakumeen eskubideen aldeko kontzentrazio batean parte hartzen ari zela. Estadioaren barruan Irango eta Italiako selekzioen arteko boleibol partida jokatzen ari ziren eta barrura sartzen ahalegindu omen zen.
Reuters albiste agentziak berri eman duenez, Irango emakumeek debekatuta dute gizonezkoen partidetara joatea, besteak beste futbol eta boleibol partidetara. Atxilotu eta gutxira askatu egin zuten, baina atxiloketa garaian hainbat objektu konfiskatu egin zizkiotela salatu zuenean, berriz atxilotu egin zuten.
Azkenean, Teherango auzitegi batek urtebeteko kartzela zigorra ezarri zion Errepublika Islamikoaren kontrako ekintzak eta propaganda egitea egotzita. ILNA Irango albiste agentziaren arabera, litekeena da jarrera onagatik zigorra murriztea.
Gobernu britainiarrak bere haserrea agertu eta emakume britainiar-irandarraren kasua gaitzetsi du. "Prozesu horri buruzko zalantzak ditugu, epaiketaz, eta baita Ghavami atxilotuta egon zen bitartean jaso zuen tratuaz ere", azaldu du Erresuma Batuko Atzerri Gaietarako Ministerioko bozeramaileak.