Mundua -
Burkina Faso
Militarrek aginteari eusten diote, herritarren aldarriei muzin eginda
Bien bitartean, oposizioko alderdiek prozesua gidatzeko liderra aukeratu gabe jarraitzen dute. Sarah Sereme PDC alderdiko kideak bere burua presidente aldarrikatzeko ahalegina egin du.
Erredakzioa
Burkina Fasoko militarrek aginteari eusten diote, oposizioak, gizarte zibilak eta nazioarteak buruzagi zibil batek gidatutako trantsizioa abiatzea eskatzen duten bitartean.
Ostiralean, Blaise Compaore herrialdeko presidenteak dimisioa eman zuen, agintean 25 urtez egon ostean, eta atzo Armadak Isaac Zida koronela presidente izendatu zuen.
Oposizioak, bien bitartean, trantsizioa gidatzeko buruzagia aukeratu ezinda jarraitzen du.
Herrialdeko Armadak RTB Burkina Fasoko telebista publikoaren kontrola hartu du gaur, eta oposizioko kideak bertara sartzea eragotzi du. Militarrek tiroak bota dituzte airera telebista publikoaren egoitzara bidean zihoazen manifestariak sakabanatzeko. Manifestari horien artean zegoen Sarah Sereme PDC alderdiko burua, eta, antza denez, telebistaren egoitzara sartu nahi zuen bere burua presidente gisa aldarrikatzeko.
Telebistaren egoitzaren inguruetan sortutako istiluetan pertsona bat hil da, David Thiombiano telebista publikoko zuzendariak baieztatu duenez.
Telebista emisioak ostegunetik etenda daude, manifestariek Parlamentuari su eman eta telebistaren egoitzara sartu ostean.
Orain arte herrialdeko presidente izan denak ihes egin ostean, Armadak hartu du agintea.