Mundua -
HAUTESKUNDEAK AEB-N
Senatuaren herena eta Ordezkarien Ganbera berritzeko bozak, AEBn
Obamaren agintaldiaren erreferenduma izan litezke hauteskunde hauek. Adituen esanetan, herritarrek demokratak zigortuko dituzte, errepublikanoen mesedetan.
Erredakzioa
230 milioi estatubatuar bozkatzera deituta daude gaur Midterms agintaldi erdiko hauteskundeetan. Ordezkarien Ganberako 435 kideak, Senatuaren herena, Goi Ganberako hiru eserlekuak, 36 gobernadore eta dozenaka goi-kargudun aukeratu behar dituzte.
Barack Obamaren agintaldiaren erreferendum gisa har litezke hauteskundeok, presidentearen ospea maila baxuenean dagoen honetan. 2016an presidentea aukeratu beharko dute AEBn, eta boz hauetan gertatzen denak zuzenean eragin dezake hautu horretan.
Adituen esanetan, herritarrek zigor botoa emango diote Obamari, eta, hortaz, demokratek babesa galduko dute. Hala, Ordezkarien Ganberan errepublikanoek duten gehiengoa gainditu ezinda geratuko dira demokratak, eta Senatuan duela 8 urte duten gehiengoa gal dezakete.
'Obama efektua' saihesten eman dute kanpaina hautagai demokratek, eta botoa nori eman zalantzan duten estatuetan errepublikanoen kudeaketa txarra kritikatzen aritu dira.
Pew Research Center inkesta-etxeak egindako ikerketaren arabera, estatubatuarren % 32k Obamaren kontra bozkatuko du, % 20k alde, eta % 45ek esan du bozkatzeko orduan ez duela presidentea kontuan hartzen.
Senatuaren kontrola
Hori horrela, Senatuaren osaera da hauteskunde hauen gakoetako bat. Azken bi agintaldietan demokratak izan dira nagusi bertan, baina badirudi gaurko hauteskundeetan logika hori irauli egingo dela. Errepublikanoek Senatuaren kontrola bereganatzeko, dituzten eserlekuei eutsi eta demokraten esku dauden beste sei eskuratu beharko dituzte.
Errepublikanoek Senatuaren kontrola lortuta, Obamak zail edukiko luke aurrera atera nahi dituen proiektuak onartzea. Nolanahi ere, beto eskubidea du presidenteak, eta atzera bota ditzake errepublikanoen asmo guztiak.
100 eserleku daude Senatuan. Sei urtean behin aukeratzen dituzte, eta bi urtean behin, berritu. Oraingo honetan, 33 senatariren eserlekuak berritu eta huts geratu diren Hawaii, Oklahoma eta Hego Carolina estatuetako eserlekuak bete behar dituzte.
Alderdi Demokratak 53 senatari ditu eta Alderdi Errepublikanoak, berriz, 45; beste bi independenteak dira. Berritu beharreko 33 horietatik, 20 demokraten esku daude eta errepublikanoen esku daude gainerako 13ak. Hutsik geratutako diren horien artean, bi senatari errepublikanoak ziren, eta bestea demokrata zen.
Ordezkari Ganberan ere errepublikanoen garaipena espero da; 6-12 eserleku gehiago eskuratzea espero dute. Muga hori gaindituko balute (13 aulki edo gehiago eskuratuta), 1928tik duten gehiengo zabalena izango lukete errepublikanoek.