Mundua -
Hauteskundeak
Boto-emaileei entzun diela esan du Obamak
“Botoa eman duten guztiei entzun diet. Botoa eman ez duten ia bi herenei ere entzun diet”, adierazi du AEBko presidenteak.
Erredakzioa
Boto-emaileen mezua entzun duela esan du gaur Barack Obama AEBko presidenteak, errepublikanoen garaipena onartu eta gero. Etxean geratu ziren herritarren mezua ere entzun duela adierazi du buruzagiak.
“Botoa eman duten guztiei entzun diet. Botoa eman ez duten ia bi herenei ere entzun diet”, adierazi du agintariak prentsaurrekoan, hauteskunde legislatiboen emaitzen berri izan eta gero.
Errepublikanoek “gau ona” izan dutela onartu du Obamak. Estatubatuarrek botoarekin emandako mezua jaso duela esan du buruzagiak, eta datozen bi urteotan Ameriketako Estatu Batuen garapena lortzeko lan egingo duela gaineratu du.
Presidentearen hitzetan, “beraiek egunero egiten duten bezala, aukeratutako ordezkariek ere gogor lan egitea espero dute” estatubatuarrek. “Nik egundoko erantzukizuna dut”, gaineratu du.
Obamaren ustez, “baliteke konfiantza inozoa” izatea “jendearentzako lanean” buru-belarri aritzearekin nahikoa zela pentsatzeagatik, eta Administrazioaren irudiak duen garrantzia aintzat hartu behar zuela onartu du.
“Ez da egokitzapen biribilik izango”
“Ez da egokitzapen biribilik izango. Nik ditudan ideia batzuk ekonomiarentzako onak dira, baina errepublikanoak ez daude ados, eta beraiek ekonomiari laguntzen dioten ideiak dituztela uste dute, baina nik klase ertainari laguntzen ez diotela uste dut”, adierazi du. “Hala ere, adostasunerako lekua egongo da”, erantsi du.
Senatuan gehiengoa berreskuratu eta gero, Kongresu osoaren kontrola bereganatu dute errepublikanoek asteartean, azken zortzi urteetan demokraten kontrolpean egon ondoren.
Kongresuarekin lan egiteko harremana hobetzen saiatuko dela aurreratu du presidenteak, baina bere printzipioak ez dituela aldatuko ohartarazi du.