Mundua -

Atentatua Azaren

Gutxienez 16 pertsona hil dituzte eraso suizida batean, Nigerian

Beste 20 lagun zauritu dira erasoan. Gizon bat kutxazain automatiko bateko ilarara hurbildu da, lehergailua plastikozko poltsa batean zeramala, eta zartarazi egin du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 16 pertsona hil eta beste 20 zauritu dira eraso suizida batean, Azaren (Nigeria), Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez. Erasoa gizon batek egin du gaur banku bateko kutxazain automatiko batean.

Gizona kutxazaineko ilarara hurbildu da, lehergailu bat plastikozko poltsa batean zeramala, eta zartarazi egin du.

“Orain arte 16 hildako zenbatu ditugu, baina segur aski kopuruak gora egingo du egunean zehar”, onartu du Baba Abubakar Bauchi Estatuko Gobernuaren ordezkariak kazetarien aurrean.

Hilabete baten buruan bigarren erasoa dute Azaren. Urriaren 23an, Boko Haram talde terroristak lehergailu bat zartarazi zuen autobusen geltoki batean. Atentatuan bost pertsona hil zituzten.

Toki jendetsuen aurka sarritan eraso egin du Boko Haramek azken hilabeteetan. Sekta islamiarra kanpaina odoltsua egiten ari da Nigerian. Aurten 3.000 pertsona baino gehiago hil dituzte, Nigeriako Gobernuaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea