Mundua -

Osasun erreforma aldatzeagatik

Obamaren aurkako salaketa aurkeztu dute errepublikanoek

“Behin eta berriro, herri estatubatuarraren borondateari entzungor egin dio presidenteak, eta Kongresuaren botorik gabe lege federala berriz idaztea erabaki du”, salatu dute errepublikanoek.

John Boehner AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentea. Argazkia: EFE
John Boehner AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentea. Argazkia: EFE
John Boehner AEBetako Ordezkarien Ganberako presidentea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBetako presidentearen Gobernua salatu dute gaur errepublikanoek, legearen aplikazioa errazteko osasun erreforma dekretu bidez aldatzeagatik. Salaketa Obamak bost milioi etorkin erregularizatzeko erabakia hartu eta egun bat geroago aurkeztu dute errepublikanoek.

“Behin eta berriro, herri estatubatuarraren borondateari entzungor egin dio presidenteak, eta Kongresuaren botorik gabe lege federala berriz idaztea erabaki du”, adierazi du John Boehner Ordezkarien Ganberako presidenteak.

Immigrazioaren inguruko neurriak kritikatzeko prentsaurrekoa eta minutu batzuk geroago agiri bat igorri du Boehnerrek salaketaren berri emateko. Immigrazioaren erreforma bat Kongresuan aurrera ateratzeko aukera “saboteatu” duela salatu du errepublikanoak.

Errepublikanoen mugimendua espero zuen Exekutiboak; izan ere, iragan uztailean salaketari oniritzia eman zion Ordezkarien Ganberak. Errepublikanoek gehiengoa dute Ganberan. Hala ere, AEBetako komunikabideek azaldu dutenez, Boehnerrek arazoak izan ditu abokatuen sinadura lortzeko orduan.

“Presidenteak bere lege propioak bultzatuz nahi duena lortzeko aukera badu, etorkizuneko presidenteek ere gauza bera egingo dute”, ohartarazi du buruzagi errepublikanoak. “Gure Gobernu sistema ez zuten horrela diseinatu”, azpimarratu du Boehnerrek.

Obama “enperadorea”

Kongresuaren baimenik gabe dekretu bidez ekiteko boterea du presidenteak AEBetan eta horrek Etxe Zuriaren eta errepublikanoen arteko liskarrak sortu ditu azkenaldian. Immigrazioaren inguruko neurriak hartu eta gero, Obama “enperadore” eta “errege” bat dela salatu dute errepublikanoek.

“Bere lana egiteagatik” errepublikanoek presidentearen aurkako salaketa aurkeztea “zoritxarreko” erabaki bat dela uste du Eric Schultz Etxe Zuriko bozeramailearen ondokoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak berriak Barack Obama