Mundua -

Kolonbia

Bahitutako jenerala datorren astean askatuko dute, esan du Santosek

Horrez gain, gutxienez polizia bat hil eta beste lau zauritu dira FARC gerrillari egotzitako erasoaldi batean.

Juan Manuel Santos, Kolonbiako presidentea, duela gutxi egindako argazki batean. Irudia: EFE
Juan Manuel Santos, Kolonbiako presidentea, duela gutxi egindako argazki batean. Irudia: EFE
Juan Manuel Santos, Kolonbiako presidentea, duela gutxi egindako argazki batean. Irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ruben Dario Alzate Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak (FARC) bahitutako Armada kolonbiarreko jenerala datorren astean aske utziko dute, Juan Manuel Santos presidenteak iragarri duenez.

“Koordenadak jaso ditugu dagoeneko. Aginduak ematen ari naiz datorren astean aska dezaten”, esan du Santosek Twitterren duen kontuan.

Presidente kolonbiarrak aipatutako koordenadek Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak gidatuko duen operatiboaren kokapena zehaztu dute, eta datu hori jakinda, Armada inguruan operazioren bat egiten baldin bada, Gobernuak bertan behera utziko du.

Bestalde, gutxienez, pertsona bat hil eta beste lau zauritu dira goizaldean Kolonbiako Gorgona uharteko polizia postu baten kontra izandako erasoan, iturri ofizialek jakinarazi dutenez. FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileari leporatu diote erasoa, baina oraingoz gerrillak ez du bere gain hartu erasoa.

Antza denez, bonbekin eta fusilekin egin dute erasoa. Erasotzaileak txalupa batean iritsi dira lehorrera eta erasoan John Alvaro Suarez tenientea hil da, Juan Carlos Ramirez koronelak Blu irrati-kateari jakinarazi dionez.

Temistocles Ortega Caucako gobernadoreak bertako hedabideei egindako adierazpenetan FARCi leporatu dio erasoa, eta geltokia suntsituta gelditu dela azaldu du. Gaineratu duenez, zaurituak Caliko ospitale batera eraman dituzte.

Kolonbia Ruben Dario Alzate koronelaren askapenaren zain dagoen unean gertatu da erasoa. Aurreko igandean bahitu zuten gerrillariek beste lau pertsonarekin batera, eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen bitartekaritzarekin laster aske uztea agindu zuten.

Gaurko gertaeraren ondoren, Temistocles Ortegak FARCek bakea lortzeko duen borondatea zalantzan jarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea