Mundua -

Irango programa nuklearra

Iranek ezinezkotzat jo du epea amaitu aurretik akordioa lortzea

Hala ere, AEB eta Iran hitz egiten ari dira negoziazio epea luzatzeko.

John Kerry, Catherine Ashton eta Javad Zarif. Argazkia: EFE
John Kerry, Catherine Ashton eta Javad Zarif. Argazkia: EFE
Negoziazioak jarraitzea erabaki dute Geneban

2:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iranen eta nazioarteko komunitatearen artean programa nuklearrari buruzko ituna adosteko denbora agortzen ari da, eta Vienan bilduta dauden goi agintarien artean etsipena zabaltzen hasi da. Hala, Irango negoziatzaileek ezinezkotzat jo dute astelehenean epea amaitu aurretik arlo nuklearrean akordioa lortzea "denbora faltagatik eta gaien konplexutasunagatik". Hala ere, Irango ordezkariek ez dute baztertzen negoziazio epea luzatzea.

Hala, John Kerry AEBko Estatu idazkariak eta Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroak bilera egin dute igande honetan Vienan, astelehenean amaitzen den negoziazio epearen balizko luzatzeaz hitz egiteko.

AEBk, Erresuma Batuak, Frantziak, Alemaniak, Errusiak, Txinak (5+1 taldea) eta Iranek asteartean hasi zituzten programa nuklearrari buruzko behin betiko akordioa lortzeko negoziazioak Vienan. Iranek bere garapen nuklearra nabarmen murriztearen eta programa nuklearrari buruzko informazioa helaraztearen truke, errepublika islamiarrari ezarritako zigorrak kentzea dago jokoan.

5+1 taldeak Iranek uranioa fintzeko duen gaitasuna murriztea nahi du, izan ere, horrekin bonbetarako erabiltzen den materiala ekoizteko denbora gehiago beharko luke Iranek bonbak sortu nahi izatekotan. Bestalde, uranioa zentral nuklearretako erregai gisara soilik erabiltzen duela azaldu du Iranek.

Atzo, John Kerry AEBko Estatu idazkariak etsipena adierazi zuen oraindik ere "diferentzia handiak" zeudela aitortu baitzuen. Gaur Irango ordezkariek, berriz, bi aldeak asebetetzen dituen zirriborrorik ez dagoela onartu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea