Mundua -

Brasilgo diktadura

Rousseffek diktaduran torturak jasan izana aitortu du jendaurrean

Brasilgo egungo presidenteak hiru urte eman zituen kartzelan: 1965etik 1968ra.

Dilma Rousseff Brasilgo presidentea, hunkituta. Argazkia: EFE
Dilma Rousseff Brasilgo presidentea, hunkituta. Argazkia: EFE
Dilma Rousseff Brasilgo presidentea, hunkituta. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dilma Rousseff Brasilgo egungo presidenteak diktadura garaian torturak jasan zituela aitortu du jendaurrean. 60ko hamarkadaren amaieran, ezker muturreko militantea zela, ezkerreko gerrilletan borrokatu zen eta hiru urte eman zituen kartzelan (1965etik 1968ra). Preso egon zen garaian, torturak jasan zituen eta 1979ko Aministia Legea heldu baino urte batzuk lehenago utzi zuten aske.

2012. urtean, Dilma Rousseff presidenteak diktadura garaiko (1964-1985) giza eskubideen urraketak ikertzeko eta txosten bat egiteko eskatu zion Egiaren Batzordeari, eta atzo, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, aipaturiko batzordeak txostena eskura eman zion presidenteari.

Rousseff presidenteak hunkituta jaso zuen txostena, eta biktimen eta horien senitartekoen aurrean egindako hitzaldian, Gobernuak txostenaren ondorioak arretaz irakurriko dituela azpimarratu zuen, "beharrezkoak diren ondorio guztiak ateratzeko" eta "garai horri buruzko argi-ilunak argitzeko, berriz ere errepika ez daitezen".

"Egia ez da errebantxaren baliokide. Egiak ez du gorrotorako edo kontuak garbitzeko arrazoi izan behar. Egiak esateko, azaltzeko eta jakiteko falta zenetik askatzen gaitu guztiok (...) Egiak, gauza guztien gainetik, geure burua aurkitzeko eta gure historia ezagutzeko aukera ematen du", esan du Brasilgo egungo presidenteak.

Egiaren Batzordearen Txostena

"Diktadura militarraren garaian, errepresioa eta oposizioko alderdi politikoen deuseztatzea Estatu politika bihurtu ziren, Presidentetzatik eta ministerio militarretatik egina eta bultzatuta", dokumentuan jasotakoaren arabera. Humberto Castello Branco (1964-1967), Arthur da Costa e Silva (1967-1969), Emilio Garrastazu Medici (1969-1974), Ernesto Geisel (1974-1979) eta Joao Figuereido (1979-1985) presidenteak arduradun nagusien zerrendan daude hainbat ministrorekin eta Informazio Zerbitzu Nazionaleko (SNI) buruekin batera. Txostenean jaso dutenez, guztira, 377 pertsona egon ziren krimen horiekin zuzenean lotuta, Brasilgo presidenteak, tartean.

Beste zerrenda batean 285 izen ageri dira, eta giza eskubideen urraketa horietako "lan zikina" egin izana leporatzen diete horiei. Aurreko zerrendarekin alboratuta, buruzagi militarrez gain, 114 zibil daude zerrenda horretan.

Arduradunen zerrenda egiteaz gain, Egiaren Batzordeak hildakoen eta desagertutakoen zerrenda egin du; guztira 434 pertsonaren izenak jaso dituzte bertan, duela 7 urte Estatuak egin zuen ikerketan baino 73 gehiago. Hala ere, oraingoan ikerketa esparrua 1946tik 1988ra bitartekoa izan da eta aurretik 1964 eta 1985 arteko garaia ikertu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea