Mundua -

Irak

Gutxienez 38 miliziano suni hil dira Bagdaden, eraso suizida batean

Atentatuak 60 zauritutik gora ere utzi ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salbazio Kontseiluetako gutxienez 38 borrokalari hil eta beste 60 zauritu dira Bagdaden, eraso suizida baten ondorioz, Poliziako iturriek Eferi jakinarazi diotenez. Salbazio Kontseiluak milizia suniak dira, Bagdadeko Gobernuaren aldekoak.

Iturrion arabera, suizidak lehergailuen gerriko bat zeraman, eta milizia suni horien bilera baten erdian leherrarazi egin zuen.

Hildakoen kopurua handiagoa ere izan liteke, zauritu batzuk oso larri baitaude.

Salbazio Kontseiluak 2006an eratu zituzten AEBko tropek Iraken, bertako agintariei Al Qaidaren aurka borrokatzen laguntzeko, eta gaur egun Gobernuaren soldatapean daude.

Iraken indarkeria erlijiosoa gero eta handiagoa da. Nazio Batuen arabera, iaz, indarkeria horren ondorioz, 8.860 lagun hil ziren, horietatik 7.818 zibilak ziren.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Atentatuak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Irakeko albisteak Ekialde Hurbila