Itxi

2014/12/28

08:48

Mundua

Gertaera

Indonesiatik Singapurrera zihoan hegazkin batekiko kontaktua, galduta

Erredakzioa

Indonesiak bilaketa lanak bertan behera utzi ditu, argiaren ezagatik. Litekeena da uretara erori izana. 162 lagun zeramatzan leku ezezagunen batean dagoen AirAsia konpainiako Airbusak.

0:57
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Indonesiako hegazkintza zibileko agintariek hegazkin batekin zuten kontaktua galdu dute. Airbus 320-200 bat zen, AirAsia konpainiakoa, eta 155 bidaiari eta zazpi pertsonako tripulazioa zeramatzan, bertako hedabideek jakinarazi dutenez. Argiaren ezagatik, bilaketa lanak bertan behera utzi dituzte; igande osoan egon dira lanean erreskate taldeak.

Litekeena Belitung irlatik gertuko uretara erori izana hegazkina, bilaketa eta erreskaterako agentzia nazionalak jakitera eman duenez. Agentzia horretako funtzionario batek toki zehatza ere aurreratu du Indonesiako komunikabide batean.

AirAsia airelineak Airbusen zihoazen 162 lagunen herritartasunaren berri eman du: 155 indonesiar, 3 hegokorear, britainiar bat eta Malaysiako, Singapurreko eta Frantziako beste lagun bana. Bidaiarien artean 16 ume eta hilabete gutxiko hartxo bat daude.

AirAsia airelinearen flotakoa da hegazkina, QZ8501 hegaldiari dagokio, PK-AXC erregistro-zenbakia du eta Surayaba hiritik bertako 05:20an aireratu zen; Singapurren bertako 08:30ean hartu behar zuen lur (00:30 GMT), Kompas egunkari indonesiarrari iturri ofizialek jakinarazi ziotenez.

Aireratu zenetik 40 minutura galdu dute kontaktua

Indonesiako Garraio Ministeritzak azaldu du hegazkinarekin radarraren bidez zuten kontaktua aireratu zenetik 40 minutura galdu zutela. QZ8501 hegaldia Javako itsasoaren gainetik hegan egiten ari zen. AirAsiak baieztatu du hegazkina bilatu eta erreskatatzeko operazio bat dela abian.

Indonesiako iturriek Reuters agentziari esan diotenez, aire-agintariek hegazkinari gorago hegan egiteko eskaria luzatu zioten, bertan zegoen hodei-geruza trinkoa saihesteko. Hegazkineko tripulazioak kontrol-dorreari norabidea aldatzeko eskatu zion, aurkako eguraldia zela eta.

Singapurreko Aire eta Itsas-Indarrak bilaketa operazio bat jarri dute abian. Miaketa gunea Belitung uhartean eta inguruko uretan dago zentratuta. Belitung Sumatrako kostaldearen aurrean dago, Borneo uhartearen hego-mendebaldean, eta 4.800 kilometro koadroko azalera du. Gehienbat, mendiak eta lurralde malkartsua.

Malaysiako hegazkinaren istripua, martxoan

Kuala Lumpurretik Pekinera zihoan hegazkin bat, Malaysia Airlinesekoa eta 239 lagun zeramatzana, 2014ko martxoaren 8an desagertu zen eta ez da horren gaineko arrastorik egon ordutik. Ikertzaileen iritziz, MH370 hegaldia bere norabidetik desbideratu zen eta Ozeano Barean jausi zen erregairik ez izateagatik.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;