Mundua -
Bortxaketak Indian
Bi gizon atxilotu dituzte Indian, turista japoniar bat bortxatzeagatik
Antza denez, taldean jarduten zuten eta gida itxurak egiten zituzten Japoniako turistei iruzurra eta estortsioa egiteko.
Erredakzioa
Indiako Poliziak bi pertsona atxilotu ditu, turista japoniar bati lapurreta egitea eta hura bortxatzea egotzita, Polizia iturriek berri eman dutenez.
"Hiru pertsona atxilotu ditugu Calcutan eta bi Bodhgayan. Talde horrek Calcutatik jarduten zuen eta turista japoniarrei iruzurra egin eta, zenbaitetan, horiek bortxatu egiten zituen", adierazi du P.K. Ghosh poliziak IANS bertako albiste agentziari.
Gazte japoniarraren salaketan irakur daitekeenez, azaroa amaieran hiru gizon ezagutu zituen Calcutan eta soinean zuen dirua (1.000 euro) ematera behartu zuten. Ondoren, beste bi gizonen eskuetan utzi zuten eta Fattepur herrira eraman zuten, Bodhgayatik 45 kilometrora, eta bortxatu egin zuten.
Poliziaren arabera, taldeko kideek japonieraz hitz egin eta gida itxurak egiten zituzten. Antza denez, Japoniako turistei iruzurra eta estortsioa egitea zuten helburu.
Japoniak Calcutan duen kontsulatuak Indiako agintariei jakinarazi zien hainbat turista japoniarrek salaketa jarria zutela sexu gehiegikeriengatik edota iruzurragatik.