Mundua -

Ipar Korea

Ipar Koreak Sonyren erasoarekin loturiko AEBren isunak arbuiatu ditu

Ipar Koreak baieztatu du isunek ez dutela erregimena 'ahulduko' eta kontrako eragina izango dutela.

Kim Jong-un. Artxiboko irudia: EFE
Kim Jong-un. Artxiboko irudia: EFE
Kim Jong-un. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sonyren kontrako zibererasoarekin lotuta, AEBk Ipar Koreari ezarritako isunak arbuiatu ditu Pyongyango Gobernuak. Are gehiago, Washingtonen neurriak etsaitasun giroan egindakoak direla salatu du, KCNA Ipar Koreako albiste agentziak berri eman duenez.

"AEBk Ipar Korea isunekin zigortzeko hartutako alde bakarreko neurri iraunkorrek argi eta garbi erakusten dute Ipar Korearekiko sentitzen duten higuina eta etsaitasuna", adierazi dio Atzerri Ministerioko bozeramaile batek KCNA albiste agentziari.

Bestalde, Ipar Koreak baieztatu du isunek ez dutela erregimena 'ahulduko' eta kontrako eragina izango dutela.

Ostiralean, Barack Obama AEBko presidenteak Ipar Koreari isun berriak ezartzea baimendu zuen, Sonyren kontrako zibererasoarekin lotuta; izan ere, AEBko Gobernuak Ipar Korea egiten du eraso horren erantzule.

Etxe Zuriak iragarritako neurriek Ipar Koreako hiru konpainiari eragiten diete, tartean, Gobernuko inteligentzia agentzia bat eta enpresa horientzat zein gobernuarentzat lan egiten duten hamar langile daude.

Pyongyangek hainbatetan adierazi du ez dela Sonyri egindako erasoaren erantzule, eta akusazio horiek frogatzeko eskatu dio AEBri.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ipar Korea