Mundua -
Irlanda
Irlandako Osasun ministroak homosexuala dela aitortu du
Irlandan, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzei buruzko erreferenduma egingo dute maiatzan.
Erredakzioa
Leo Varadkar Irlandako Osasun ministroak homosexuala dela aitortu du.
RTE Radio 1 telebista kate publikoari eskainitako elkarrizketan, Leo Varadkarrek (36 urte) adierazi du bere sexualitatearen inguruan argi eta garbi hitz egitea erabaki duela. Irlandan, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzei buruzko erreferenduma egingo dute maiatzan.
Varadkar Fine Gael alderdi kontserbadoreko kidea da, eta azaldu du jendearekin zintzoa izan nahi duela, etorkizun hurbilean hartu behar diren erabakien aurretik.
Fine Gael alderdiak eta laboristek koalizio gobernua dute Irlandan.
"Homosexuala naiz. Ez da sekretua, baina ez da mundu osoak, nahitaez, jakin beharko lukeen zerbait. Inoiz ez dut horretaz jendaurrean hitz egin", adierazi du ministroak. "Nahi dut jendeak jakin dezala, hartzen dudan erabakia hartzen dudala ere, gaia edozein dela ere, interes publikoa kontuan eta nire kontzientzia hartuko ditudala kontuan. Ez dut onartuko egoerak edota nire sexu orientazioak nire erabakiak baldintzatzea", gaineratu du.
2010eko uztailaz geroztik, homosexualen arteko ezkontza zibilak legeztatuta daude Irlandan.
Irish Times egunkariak abenduan argitaratutako inkesta baten arabera, Irlandako boto-emaileen % 71 sexu bereko bikoteen ezkontza legeztatzearen alde daude.