Mundua -

Europako Batasuna

Hamas talde terroristen zerrendatik ateratzearen aurka egingo du EBk

Jihadismoari aurre nola egin aztertuko dute Atzerri ministroek eta muturreko islamismoa indarra hartzen ari den herrialdeetako egoera aztertuko dute.

J.L Garcia Margallo eta S.Kurz, Espainiako eta Austriako Atzerri ministroak, hurrenez hurren. EFE.
J.L Garcia Margallo eta S.Kurz, Espainiako eta Austriako Atzerri ministroak, hurrenez hurren. EFE.
J.L Garcia Margallo eta S.Kurz, Espainiako eta Austriako Atzerri ministroak, hurrenez hurren. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Atzerri ministroek goi-bilera dute gaur, "nazioarteko terrorismoaren mehatxuari" aurre nola egin aztertzeko. Parisko atentatuen eta Belgikan ustez atentatua egiteko prest zegoen sare jihadista bat desegin ondoren, muturreko islamismoa Europako hainbat herrialdetan hartzen ari den indarra izango dute hizpide.

Bilera hasi eta berehala etorri da lehendabiziko erabakia: Europar Batasunak apelazioa aurkeztuko du Hamas erakunde terroristen zerrendatik atera izanaren kontra. Ondorioz, Europako Auzitegiak hartutako erabakia "bertan behera geratuko da, behin betiko ebazpena atera bitartean". Hamas alderdi palestinarra erakunde terroristen zerrendatik ateratzea ebatzi zuen abenduan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak. 2001etik, Europar Batasunak zerrenda sortu zuenetik, dago Hamas zerrenda horretan, baina erabaki hori baliogabetu du urte bukaeran justiziak, "prozedura akatsak" argudiatuta.

Besteak beste, Turkia, Maroko eta Jordaniarekin lankidetza proiektuak indartzea proposatuko dute. Dena dela, erdigunean Siria egongo da, "muturreko islamismoa elikatzen duen herrialdea", adituen iritzian.

Duela bi aste Charlie Hebdo astekari satirikoaren kontrako erasoak, bestalde, adierazpen askatasunaren inguruko eztabaida jarri du berriro mahai gainean. Kultura ezberdinetan adierazpen askatasunak dituen mugak zenbatekoak diren aztertuko dute.

Joan den urrian, jada, Europar Batasunak hainbat neurri adostu zituen, Siriara eta Irakera jihadarekin bat egitera doazen gazteak kontrolatzeko. Gaurko bileraren helburua neurri horiek areagotzea da.

Adituen ustez, gaurko hitzorduan ez da erabaki garrantzitsurik hartuko, baina otsailaren 12an EBko estatuburu eta gobernuburuek egingo duten goi-bileraren atarikoa izango da gaurkoa. Berez, terrorismoa ez zegoen gai-ordenan jasota, baina joan den asteko gertakarien ostean, berebiziko garrantzia hartu du gaiak. Belgikak bilerari "izaera formala" ematea eskatu du, behin betiko neurriak hartu ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Batasun europarra Europa bideoak Jihadismoa albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Ekialde Hurbila Hamas albisteak