Mundua -
Heriotza
Abdullah bin Abdulaziz Saudi Arabiako erregea zendu da
Salman anaiordeak (79 urte) hartuko du horren lekua. Pneumonia batek jota hil da Abdullah erregea.
Erredakzioa
Abdullah bin Abdulaziz Saudi Arabiako erregea (90 urte) zendu egin da bart, pneumonia batek jota, herrialde horretako Errege Etxeak jakinarazi duenez. Salman anaiordeak (79 urte) hartuko du orain Koroa.
Abdullah erregea abenduaren 31n ospitaleratu zuten, hainbat azterketa egiteko, eta, bertan, pneumonia bat atzeman zioten.
1924an jaio zen, eta 2005eko abuztuaren 1ean egin zen errege, Fahd anaia hil ondoren.
Abdullah bin Abdulaziz, Mendebaldeko herrialdeen lagun
2011n, Udaberri Arabiarrak ez zuen Abdullah bin Abdulaziz erorarazi, eskualdean hainbat gobernu kolokan jarri bazituen ere.
Iaz, erregeak bat egin zuen AEBk Estatu Islamikoaren aurka abiatutako aliantzarekin.
Erlijio kontuetan, jazarpen gogorra egin du militante islamisten aurka, baina Saud Errege Familian horiekin hitz egin duen lehena eta bakarra izan da.
2013ko uztailean, babesa agertu zion Egiptoko Armadak Mohamed Mursi presidente demokratikoaren aurka egindako estatu kolpeari.
Salman bin Abdelaziz, Saudi Arabiako errege berria. EFE
Salman bin Abdelaziz, errege berria
Saudi Arabiako araudiari jarraiki, Abdullahren lekukoa printzeak hartu du, hau da, Salman bin Abdelazizek.
Fahd erregearen anaia eta Abdullahren anaiorde da, eta, orain arte, lehen ministrorde eta Defentsa ministro karguak izan ditu.