Mundua -

Ekaitz politikoa Argentinan

Inteligentzia zerbitzuen erreforma sakona egingo dute Argentinan

Fiskala hil zutenetik aurreneko aldiz agertu da gaur Fernandez presidentea hedabideen aurrean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inteligentzia zerbitzuen erreforma sakona iragarri du gaur Cristina Fernandez Argentinako presidenteak, eta Alberto Nisman fiskalak jarritako salaketa “zentzugabetzat” jo du. Fiskala hil zutenetik aurreneko aldiz agertu da gaur Fernandez presidentea hedabideen aurrean.

Argentinako telebista publikoak zabaldutako mezuan, Cristina Fernandez Nisman fiskalaren heriotzaz eta horrek bere aurka jarritako salaketaz mintzatu da. Bideoan zuriz jantzita eta gurpil-aulki batean agertu da Argentinako agintaria.

Fernandezek “nahasmena sortzeko” mugimenduak salatu ditu, Botere Judizialari eta hedabideei “desinformatzea” egotzi die eta xede nagusia “Gobernuari eraso egitea” dela kritikatu du. “Ez naute beldurtuko”, gaineratu du.

“Ez diet beldurrik. Esan dezatela nahi dutena, egin dezatela nahi dutena, dei nazatela epaileek, nahi beste salaketa jar ditzatela; hasieratik pentsatu izan dudana ez dut aldatuko”, esan du. Ordubeteko mezuan, Nisman fiskalak bere egunean jarritako salaketaren argudioen aurka aritu da Cristina Fernandez. Horrez gain, egungo Inteligentzia Idazkaritza desegin eta agentzia federal berri bat sortuko duela iragarri du.

Argentinan inoiz bizi izan den ekaitz politiko batean murgilduta den honetan, Nisman Gobernua ezegonkortzeko helburuarekin hil zutela esan du presidenteak, eta inteligentzia alorreko agenteek hilketa horrekin zerikusia dutela ere salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea