Mundua -
Ukrainako gatazka
Obama eta Merkel, Errusiari erantzukizunak eskatzearen alde
Bi buruzagiak arduratuta agertu dira 'Errusiak separatistei emandako babesagatik' eta Minskeko su-etena ez errespetatzeagatik.
Erredakzioa
Barack Obama AEBko presidentea eta Angela Merkel Alemaniako kantzillerra kezkatuta daude, Ukraina ekialdean, Armadaren eta errusiazaleen arteko borrokak gaiztotu egin direlako, eta Errusiari erantzukizunak eskatzearen alde agertu dira.
Bi buruzagiek telefonoz hitz egin dute astearte gauean eta Ukrainako egoera hizpide izan dute. Hala, bi agintariak bat etorri dira Errusiako Gobernua errusiazaleei ematen ari den babesa gaitzesterakoan.
Bestalde, Ukraina diruz laguntzeko beharra azpimarratu dute, bertako ekonomia egonkortzeko. Etxe Zuriak ohar batean jainarazi duenez, Merkel eta Obama arduratuta daude "Errusiak separatistei ematen dien babes materialagatik" eta Minskeko su-etena errespetatzen ari ez delako.
AEBko presidentea eta Alemaniako kantzillerra bat etorri dira Errusiari bere ekintzengatik erantzukizunak eskatzerakoan. Jack Lew AEBko Altxorraren idazkariak baieztatu duenez, haren gobernua prest dago Errusiaren kontrako zigorrak gehitzeko, beharrezkoa bada. Hala adierazi du, Ukrainako Gobernuari 1.760 milioi euroko kreditua emateko sinadura ekitaldian.
Europar Batasuneko Atzerri ministroek Errusiari zigor berriak ezartzeko eskatuko diote ostegun honetan Europako Batzordeari. Dena den, azken erabakia estatuburuek eta gobernuburuek egingo duten otsailaren 12ko goi-bileran hartuko da.