Mundua -
Gatazka Ukrainan
Errusiaren aurkako zigorrak luzatzea eta areagotzea adostu du EBk
EBko Atzerri ministroek Greziako Gobernu berriaren hasierako erreparoak gainditu dituzte. Betoa jartzeko mehatxua egin eta Errusiaren inguruko testua arintzea eskatu du Greziak.
Erredakzioa
EBko Atzerri ministroek Greziako Gobernu berriaren hasierako erreparoak gainditu dituzte eta Errusiako buruzagien eta Ukrainako separatisten kontrako zigorrak luzatzea eta areagotzea adostu dute. Ukrainako ekialdean gatazkak nabarmen okerrera egin du azken asteetan, eta Mariupol hirian erasoaldia hasi da.
Gainera, zigor ekonomiko berriak aztertzeko eskatu diote ministroek Kanpo Ekintzako Zerbitzuari. Su-etenik egon ezean eta egoerak okerrera egiten jarraitzen baldin badu zigor berriak martxan jarriko dituztela ohartarazi dute.
Errusiaren inguruko testua arintzeko betoarekin mehatxatu du Nikos Kotzias Greziako Atzerri ministro berriak. Blokeoa gainditzeko “neurri murriztaileak” adierazpena “neurri egokiak” esamoldeagatik ordezkatu dute, Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri ministroak azaldu duenez.
Konkretuki, egun indarrean dagoen buruzagien zerrenda beltza irailera arte luzatzea adostu dute EBko Atzerri ministroek. Errusiako eta Ukrainako entitateei eta buruzagiei kontuak izoztu zizkieten eta EBn sartzea debekatu zieten, baina zigorrak martxoan bukatzen ziren. Gainera, astebeteren buruan zerrenda handitzeko izen eta entitate berriak proposatzeko eskatu diote Kanpo Ekintza Zerbitzuari. Zerrenda berria otsailaren 9an onartuko dute.
Errusiako enbaxadorea deitu du Londresek
Bestalde, Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak Alexander Yakovenko Errusiako enbaxadorea deitu du, asteazkenean Errusiako hegazkin bonbaketariak Erresuma Batuko aire-eremura hurbildu eta gero.
Hegazkinen maniobrek abiazio zibilaren funtzionamenduari kalte egin ziotela adierazi du Foreign Officek agiri batean. “Errusiako hegazkinak gero eta operazio gehiago egiten ari dira euren aire-eremutik kanpo”, salatu du.