Mundua -

Balkanetako gerra

Serbiak eta Kroaziak ez zuten genozidiorik egin, NBEren arabera

Bi herrialdeek 16 urtez izan duten auzia itxi du, horrenbestez, NBEn auzitegiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hagan egoitza duen Nazioarteko Zigor Auzitegiak ebatzi duenez, Serbiak eta Kroaziak ez zuten genozidiorik egin Balkanetako gerran; halere, biak egin ditu 90eko hamarkadan zibilen artean egindako sarraskiaren erantzule.

Peter Tomka Nazio Batuen Erakundeko (NBE) goi auzitegiko presidenteak irakurri du ebazpena, eta bi herrialdeek 16 urtez izan duten auzia itxi du, horrenbestez. Serbiak eta Kroaziak elkarri leporatu dizkiote eremu honetan izandako krimenak.

Tomkak irakurritako adierazpenaren arabera, "Serbiak ez zuen genozidiorik egin Balkanetako gerran, eta Kroaziak ere ez zuen halakorik egin Ekaitza Operazioan, 1995eko udan".

Edonola ere, Belgrad eta Zagreb horien "erantzule" direla uste du auzitegiak, "ez zutelako neurrik hartu hilketa horiek saihesteko".

Tomkak argudiatu duenez, "herrialde batek genozidioa egin duela esateko, beste estatu bateko kideak akabatzeko borondatea eduki behar da, eta, kasu honetan, auzitegiak ez du uste hori frogatzeko nahikoa datu dagoenik".

"Genozidio baldintzak atzeman ditu auzitegiak kasu batzuetan, baina ez Kroaziak eta Serbiak salatutako denetan", argudiatu du auzitegiko presidenteak.

Auzi honetan "heriotza kopuru handia" izan dela nabarmendu du Tomkak, baina zehazki zenbat izan ziren ondorioztatzeko modurik ez duela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea